Ligako azkenaurreko partida galdu zuen Altsasuk

Guaixe 2016ko api. 25a, 13:19

Altsasuk ligako azken partida Beti Kozkorren kontra jokatuko du asteburuan, Dantzalekun.

Erregional mailako 3. multzoa. 29. jardunaldia, azkenaurrekoa: Mendillorri 2 – Altsasu 1

Ligako azkenaurreko partida jokatu zuten Iruñean Mendillorrik eta Altsasuk. Partida nahiko aspertua izan zen, gol jokaldi gutxirekin. Mendillorri aurreratu zen, 30. minutuan Eloyk sartutako golari esker. Handik 15 minutura Imanol Reparazek bana berdintzea lortu zuen. Zorigaiztoko jokaldi baten ondoren arbitroak Altsasuko Xabier jokalaria aldageletara bidali zuen, txartel gorria aterata. Horrek airea eman zion Mendillorriri. Hori gutxi ez balitz, partida despeditzeko 10 minuturen faltan arbitroak Altsasuko Mikel kaleratu zuen, txartel gorria atera eta gero. Mendillorrik dominatzen zuen eta Iñaki Zalduak bigarren gola sartu zuen garaipenarena. Aipatzekoa da Altsasuk ez zuela etsi eta bi jokalari gutxiagorekin ere, zuen guztia eman zuela partida bukaerara arte.  

Doneztebe da, momentuz, erregional mailako 3. multzoko liderra (73 puntu), Lezkairu bigarrenari puntu eskas bat aterata (72 puntu). Altsasu 10.a da (32 puntu). Sailkapena oso estu dago eta, hortaz, asteburu honetan erabakiko da dena. Lezkairuk eta Doneztebek elkarren kontra jokatuko dute, eta liga irabaztea dute jokoan. Altsasuk sailkapenean azkena den Lekunberriko Beti Kozkor taldea hartuko du Dantzalekun. Beti Kozkorrek ez du ezer jokoan, baina Altsasuk, irabaziz gero, sailkapenean postu bat gora egiteko aukera du. Ea ligako azken partida etxean jokatzeak altsasuarrei laguntzen dien.