Etxerako egur loteak eskatzeko garaia

Guaixe 2016ko api. 26a, 11:04

Altsasuko Udalak bando bidez jakinarazi duenez, dagoeneko etxerako egur lotea eskatzeko epea maiatzaren 6a baino lehen egin behar da. Familia unitate bakoitzak eskaera bakarra egin dezake eta eskabideak udal bulegoetan aurkeztu beharko dira. Udalak jakinarazi duenez, 4.000 kilo inguruko loteak dira Baxoitxin markatu direnak. Guztira 150 bat lote markatu ditu udalak. Guztietan zuhaitzak zutik daude. Loteak 20 euroko tasazioa du.

Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren arabera, honako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek: adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea;  udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunarekin, Altsasun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea, Altsasuko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea eta aurretik ordenantza ez betetzeagatik aprobetxamendua galdu ez izana.