Parte hartzearen kulturaz

Guaixe 2016ko api. 27a, 14:51

Open Akademiako hitzaldiak  200dik gora sakandar erakarri zituen ostiralean  Gure Esku Dagok eta Agirre Lehendakaria Centerrek antolatuta, Juan Jose Ibarretxek (Lehendakari ohia eta Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria), Ainhoa Aznarezek (Nafarroako Parlamentuko Presidentea), eta Dora Salazarrek (artista altsasuarra) hartu zuten hitza, Gaizka Arangurenek aurkeztuta.

Ibarretxek bere zentroaren helburua zein den azaldu zuen: “eraldakuntza sozial eta ekonomikoaren euskal esperientziari buruzko ezagutza hedatzea, eta herritarren arteko eztabaida sustatzea, euskal gizartearen etorkizuneko erronken inguruan”. Ikerketa, garapena eta berrikuntza aldarrikatu zituen. Baina hirukote horren ezinbesteko osagaia tokian tokiko kultura dela nabarmendu zuen. Nafarroan izandako aldaketa politikoaz adierazi zuen “azken aldian Euskal Herrian eman den berrikuntza sozio-politiko handiena dela. Orain jakituriaz eta eskuzabaltasunez kudeatu beharra dago”.

Aznarezek aldaketa Nafarroako Parlamentura iritsi denetik herritarren parte hartzea sustatzeko hartutako neurrien berri eman zuen: ezkaratza erakusketa eta ekitaldietarako bideratzea, eragileekin gai jakinei buruzko batzar monografikoak egin… Erabakitzeko eskubidearen alde azaldu zen. Baina horretarako denek baldintza berak izatea aldarrikatu zuen, “jatekorik ez edo argindarra ordaintzeko ez duenak ez duelako baldintza berak”. Salazarrek arte sortzerakoan izaten diren erabakiak eta publikoarekin sortzaileak eta obrek duten harremanez aritu zen. Horretarako, bere obraren errepaso bat baliatu zuen.