Bihar 25 urte beteko dira Altsasuko Aita Barandiaran adinduen erresidentzia mustu zutela. Udal eta foru hauteskundetarako hilabete falta zen eta agintariak izan ziren ekitaldian. Klinikan lehen adindua garagarrilaren 6an sartu zen, Juan Mari Mintegi Mintegi altsasuarra. Ordutik Altsasuko egoitzak 256 erabiltzaile izan ditu. Haietako hiru hasieratik daude. Erabiltzaile gehienak emakumezkoak izan dira. Gaur egun ere hala da, 42etatik 27 emakumezkoak baitira. Urteurrenagatik ez da ekitaldi berezirik aurreikusi. Baina aitzakia horrekin egoitza pixka bat gehiago ezagutuko dugu.
Mª Eugenia Martinez de Goñi Perez da Aita Barandiaran adinduen erresidentziako gerentea. Zerbitzuaren berri emateko lekuko ezin hobea da, hasieratik baitago han lanean. Lanpostura 48 hautagai aurkeztu ziren eta zortzik egin zuten aurrera. Azkenik, Mtz de Goñi izan zen aukeratua. 1991ko martxoaren 1ean hasi zen lanean. “Lanak despeditu berri zeuden. Garbiketa orokorra falta zen. Igogailuak berrikustea pasa gabe zeuden. Gauzatxoak falta ziren”. Ordurako udalak egoitzaren izena erabakia zuen.
Bere aurreneko egitekoak azpiegiturak gainbegiratzea eta falta zena ikustea izan zen. Horrekin batera, langileak aukeratzeko prozesua abian jarri zuen. “Zerotik hasi ginen”. Mtz de Goñik azaldu duenez, lan eginez ikasi du, “erabiltzaileek beraiek gauza asko irakasten dizkizute”.
42 plaza
10 logela bikoitz eta 22 ohe bakarreko daude. Guztiek komuna, txirrina (gelan eta komunean), telebistarako hartunea, telefonorako hartunea (ez da erabiltzen haririk gabeko telefonoak erabiltzen dituztelako. “Mugikorra duenik ere bada, eta hori berritasuna da. Batzuek ere “motorra” dute. Asko modernizatzen ari da”).
Gaur egun egoitzan daudenetatik bostek ez dute dependentziarik, euren kabuz moldatzen dira. Gainontzeko 37k dependentzia dute eta, neurri handian edo txikian, ohiko zereginetarako laguntza behar izaten dute. 42 plazetatik Nafarroako Gobernuarekin 36 kontzertatuta daude; 34 laguntza behar dutenendako eta bi behar ez dutenendako. Gainontzeko sei plazak Aita Barandiaran patronatuarenak dira, “kakotxen artean, pribatuak dira”. Azken horietan, gaur egun, laguntza behar duten hiru pertsona eta behar ez duten beste hiru daude.
Nafarroako Gobernuarekin garai batean egiten ziren kontzertuetan egoitzan zeudenen dependentzia maila (txikia, ertaina, handia) kontuan hartzen zen. Orain kontzertuan laguntza behar dutenen eta behar ez dutenen artean bereizten da soilik. “Hori bai, mailaren arabera, haiek prezioa ezberdintzen dute. Baina egoitzarendako, berdin da.”
Egoitzan dauden pertsonen arabera langileendako lan bolumena handiagoa edo txikiagoa izanen da, “dependetzia mailaz aparte, haiek zaintzaileei eman diezaieketen laguntzaren araberakoa da. Dena egin beharreko pertsona bat egon daiteke. Edo laguntza eman dezaketenak une batez zutik egonik, beso bat jasoz… Lan karga asko aldatzen da”, aitortu du Mtz de Goñik.
Dependentzia horren arrazoiak zein diren galdetu diogu kudeatzaileari: “Azken urteetan dementzien igoera nabaritu dugu. Lehen, behar bada, gurpildun aulkian sartzen ziren, baina burua ongi zuten. Dementzia oso garatuak dituzten pertsonei ia denean lagundu behar zaie, jateko, oheratzeko, altxatzeko…” Urteekin egoitzako erabiltzaileen sarrerako adinak gora egin du, bataz bestekoa 80 urtetik gorakoa da. “Zabaldu zenean 65-67 urterekin sartu ziren. Erresidentzia zabaldu zenean zerbitzu hau behar zuten eskualdeko pertsona askoren beharrak bete ziren. Halakorik ez zuten herrian eta kanpora ere ez zuten joan nahi”.
Aita Barandiaraneko langileek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mnakomunitatearekin, osasun etxearekin eta Josefina Arregi klinikarekin hartu-emanean daude. Esaterako, kanpoko norbait egoitzan badago eta familiak klinikako kanpo kontsultara joan ezin badu, erresidentziako norbait joaten da kontsultara. “Astegunetan guk erizain bat dugu, gaixoen medikua osasun etxekoa da”.
Beharra
Aita Barandiaran adinduen erresidentziak behar bati erantzun zion. Mtz de Goñik argi dio:”aurretik ez zegoen ezer eta bakarrik egoten segitzen dugu. Hemen plazarik ez dagoenean bertakoak, nagusiki, Eulatera edo Lizarrara joaten dira. Biak primerakoak dira”. Baina, “arazoa, senideendako distantzia” dela azaldu digu.Kontzertatutako plaza bat lortzen badute, Nafarroako Gobernuari plaza hutsa dagoenean Altsasura lekualdatzeko eskaera egin diezaiokete. “Eulate eta Lizarratik hona lekualdatze asko dago”.
Adinduen erresidentzia batean plaza kontzertatua lortzeko eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko mankomunitateetako edo osasun etxeetako gizarte langileen bidez egiten da. Bi zerbitzu horiek elkarrekin koordinatuta daude. Eskabidearekin batera dependentziaren balorazioa egitea eskatzen da, gizarte-txostena eta hainbat datu aurkezten dira. Nafarroako Gobernuak, baremo baten arabera, puntuazio bat ematen dio eskaera bakoitzari. “Puntuazio horrek pixka bat despistatzen du. Zerrendan lehena izan zaitezke, baina, esaterako, gizonezkoa zara eta hutsik gelditu den plaza emakumezkoen gela bikoitz batean badago, plazara hori ez da zuretako izanen”.
Mtz de Goñik argitu digunez, patronatuko gela “pribatuen” itxaron zerrenda “oso gutxi mugitzen da. Bermatutako gela bat lortzeko nahikoa dependentzia ez dute, osasunez hobeki daude eta denbora luzez egoten dira. Hemengo zoritxarra da plaza bat hutsik gelditzeko norbait hil egin behar duela. Ongi nago eta nire etxera noa. Holakorik ez dago”. Zenbaiten osasunak hobera egiten badu ere, kudeatzaileak zehaztu digu etxean bakarrik egoteko adina autonomia ez dutela berreskuratzen.
Plaza bat hutsik gelditzen den bakoitzean kudeatzailea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin harremanetan jartzen da: “haiek dira pertsona horiek nola dauden dakitenak, pertsonei jarraipena egin dietenak, etxean artatu dituztelako, beste egoitza baterako eskaera egin dutelako… Orduan itxaron zerrenda aztertu eta lehentasuna zein duen erabakitzen da”.
Patronatuaren sei geletan altsasuarrek lehentasuna dute. Egoitzetako gainontzeko plazak nafar guztiendako da. “Egia da, Nafarroako Gobernua saiatzen dela pertsona bere inguruan mantentzen. Premiazkoa ez bada, altsasuar bat ez du San Adrianera bidaliko. Eta hala eginez gero, lekualdatzeko garaian hori kontuan izanen dute”. Gobernuak ez du nahi adinduek erroak galtzea edo familiak eta lagunak hura bisitatu ezinik egotea. “Norabait joateko goiza edo arratsaldea hartu behar dituzu. Hemen badago, edozein momentutan bisitatu dezakezu”.
Baliabideez
Populazioaren adina gora doa. Mtz de Goñik ez daki “Nafarroako Gobernuak honako zein eskaera kopurua duen; ez dakit, orokorrean behar guztiak betetzen ari ote garen”. Garaiak daudela aitortu du eta batzuetan informazio eske dei asko jasotzen ditu. “Batzuetan oporrak hasi aurreko garaiak dira, jendea itoa dago. Beste batzuetan, kasualitatez, aldi berean asko gaizkitu egiten dira eta familiaren egoera zaildu egin da”. Beste erresidentzia batzuetan, krisiak eragindako familia egoera larriengatik, egoitzetatik senideak atera behar izan dituzten familiak egon dira. “Lehen lana zutelako, ezin zituzten zaindu. Lanik gabe, bai. Gainera, familia haietako askok pentsio hori dute diru sarrera bakarra”.
Gerenteak Josefina Arregi klinikak Sakanari eskaintzen dion zerbitzua nabarmendu du: “oxigeno-baloia da. Erabiltzaileendako onuragarria da eta haiek zaintzen dituzten familiei lan karga handia kentzen die. Haurtzaindegiak bezala, ezinbesteko zerbitzuak dira”.
Dependentzia Legeak, bestalde, beharra zuten pertsonei baliabideak eskaintzen dizkie eta haiek etxean zaintzaileak dituzte. Baina erresidentzietan eragin zehatza izan du: giroa galdu dute. Lehen ez bezala, gaur egun egoitzetan dauden pertsonak dependentzia handiagoa dute. “Lehen, gehienek parte hartu zezaketen dantzaldian. Orain, esaterako, bik. Elkarrizketak gutxirekin izan ditzakezu”. Horregatik, legea indarrean sartu denetik giroa “tristeagoa” da.
26 langile
Goizean 5 zaintzaile, 4 arratsaldean eta 2 gauean. 11 dira, baina atsedenaldiak kontua izan behar direnez 14 zaintzaile daude. Astelehenetik larunbatera, 7:00etatik 10:00etara, langile bat egoten da. Lanaldi murriztua duten bi langile daude. Asteburuko bi langile. Erizaina. Mantentze arduraduna. Kudeatzailea. Hori da erresidentziako plantilla. Sukalde eta garbiketa zerbitzuak azpikontratatuak daude, bina langile zerbitzu bakoitzean. “Plantilla egonkorra da eta ordezkapen guztiak betetzen dira, mantentzearena eta nirea ezik”.
Nahikoa langile? “Nafarroako Gobernuaren ratioen arabera, bai. Baina badaude egunak ezin iritsi gaudenak. Artatu beharreko pertsonen araberakoa da hori”. Bestalde, Goierriko eskolarekin elkarlanean hasi dira eta han erakundeetan arreta sozio-sanitarioa ikasten ari diren bi altsasuar praktikak egoitzan egiten ari dira. “Haiendako ongi, pozik daude, eta gurean laguntza ongi etorria da”.
Bisitak eta programak
Gabon gauaren aurreko igande batean Altsasuko elkarteetakoak txarangarekin joaten dira egoitzako giroa alaitzera. Urteroko hitzorduari hutsik egiten ez diotenak Trasteando, Erkudengo Ama abesbatza eta jubilatu elkarteko abesbatza dira. “Musika den guztia, gogoko dute”. Herriko antzerki taldeak ere izan dituzte. Mtz de Goñik esan duenez, “etorri nahi duen guztiak ateak zabalik ditu. Telefonoz hots egin, besterik ez du egin behar.” Emanaldien ondorengo batzuen eta besten arteko solasaldiek “herritarrak egoitzaren errealitatera asko hurbiltzen ditu. Jendeak beldurra galtzen dio, oso une ederrak bizi direlako”.
Aurten dagoeneko bi musika emanaldi izan dituzte. Nilsaren bidez uraren memoria tailerra izan zuten eta “erantzun ederra eman zuten egoitzakoek”. Estreinakoz, maiatzeko hiru egunetan Bocalan Biak Bat fundazioko kideak terapia txakurrekin egoitzara joanen dira.
Berriki Caixako langileak boluntario lana egiten egon dira, enpresak hala eskatuta. “Hiru egunetan hainbat langile okupazio fisioterapeutarekin batera aritu dira, haiekin aktibitateak egiten. Hasierak askatzea kostatu zitzaien baina azkenean busti ziren, denean bezala, batzuk besteak baino gehiago. Esperientzia asko gustatu zitzaiela eta bakarren batzuk bueltatzeko asmoa azaldu zuen”. Kudeatzaileak dio “baliabidea ezagutu beharra dagoela. Atera ezin direnak asko eskertzen dituzte kanpokoen bisitak edo antolatzen diren jarduerak”.
Erresidentziako egun bat
Gaueko txandako langileek 22:00etatik 7:00etara lan egiten dute. 7:00etan hiru zaintzaile sartzen dira. Komunak garbitzen eta jendea altxatzen hasten dira. Beste bi zaintzaile 8:00etan sartzen dira. 9:30erako denak altxatuta eta garbituta daude, gosaltzeko prest. Ondoren, asteko lau egunetan fisioterapeuta bat etortzen da eta txandaka gimnasiora eramaten ditu. Bakarkako edo taldekako tratamenduak egiten ditu. Goizean, haien premiei erantzuten dieten bi zaintzaile daude. 12:00etan laguntza gehien behar dutenen bazkari garaia da. Eta bazkaldu ahala siestara joaten dira edo, postura aldatzeko gurpildun aulkitik sofa batera aldatzen dituzte. Gainontzekoek 13:00etan bazkaltzen dute. Ondoren, siesta egin, telebista ikusi… 16:00etan edo 16:30ean, merienda. Astelehen, asteazken eta ostegunetan okupazio-terapeuta etortzen da. Afariak 19:00etan eta 20:00etan.
Ez dago bisita ordutegirik. “Jendea nahi duenean etor daiteke. Eskatzen dugun bakarra da bazkari-afari eta lo orduak errespetatzea. Baita fisioterapeutarekin eta okupazio-terapeutarekin ordutegietan ados jartzea”. Bisita gehienak 17:00etatik 19:00etara izaten dira. Ostiral goizetan Sebastian Uhalde, Txan, apaizak meza ematen du. “Elizkizuna baino, gizarte aktoa bihurtzen da kaleko jende asko etortzen delako”.
Mustutze ekitaldia
1991ko apirilaren 30ko, 12:00etan, mustu zen Aita Barandiaran adinduen egoitza. Ekitaldian hainbat agintari izan ziren: Gabriel Urralburu (Nafarroako presidentea), Maximo Esteban (Lan eta Ongizate kontseilaria), Javier Monzon (Ongizate Zerbitzuko kudeatzailea), Joaquin Ilundain (Laneko zuzendari nagusia), Migel Anjel Zubiria (Urdiaingo alkatea), Javier Baztarrika (Olatzagutiako alkatea) eta Jose Etxaniz (Ziordiko alkatea). Mustutze ekitaldian Emilio Boulandier Altsasuko alkateak hartu zuen hitza eta antropologoaren iloba Luis Barandiarani plaka bat eman zion. Ondoren, Maite Llena, PSNko zinegotzia eta patronatuko presidentearen eta Urralbururen artean mustutze ekitaldia oroitarazten zuen plaka agerian utzi zuten.
Mtz de Goñik gogora ekarri duenez, mustutzean San Juan kaleko etxebizitzez aparte, egoitza eraikin bakarra zen inguru hartan. Parean soroak zituen eta ez zegoen biderik. “Soroak zirela eta, herriaren eta egoitzaren artean hesi moduko bat zegoen”. Gaur egun egoitzako sarrera nagusia Idertzagain kalean dago. Baina mustutze ekitaldian ez zegoen kalerik. Ate pareko lurra jabe batena zen. “Gaur egun espaloia dagoen tokian zatitxo bat asfaltatu zen mustutzera heldu ziren ibilgailu ofizialak sartu ahal izateko”. Ondoren urbanizatu eta etxebizitzak eraiki dira, “inguru atsegina da”.
Gaur egun, herrian bertan txertatuta dago egoitza. “Jende askok pasiatzen du hemen eta, gainera, parean primeran heldu zaigun kafetegi bat zabaldu behar dute”. Halako zerbitzuak egoitzan dauden pertsonen senideendako ona dela dio. Baita adinduendako. “Senideekin pasieran Zumalakarregi plazaraino joatea ezinezkoa zaie askori, baina bertan izanda, ez”.
Inbertsioa
Altsasuko egoitza egiteko Nafarroako Gobernuko Lan eta Ongizate Departamentuak 231.895.021 pezetako (1.393.717,146 euro) inbertsioa egin zuen. Eraikina Nafarroako Gobernuarena da eta hura jasotzeko udalak lurrak eman zituen. Lanak 1989an hasi ziren, Miguel Ayala arkitektoaren zuzendaritzapean. Mustutzerakoan azaldu zutenez, 113.739.857 pezetako (683.590,308 euro) inbertsioa eginez gero, eraikina iparraldetik handitzeko aukera zegoen. Handitze horrek jubilatuen kluba, ikus-entzunezko gela, kafetegia, liburutegia eta ohe bakarreko eta bi oheko bosna gela gehiago aurreikusten zituen (15 plaza gehiago).
“Pareta hori isolatu gabe gelditu zen, egoitza handitzea aurreikusten zelako. Gobernua aldatu zen, ideiak aldatu ziren eta ez zen egoitza handitu. Ez dut uste handitzeko gaiari heltzeko inolako asmorik dagoenik. Zerbitzua handituko genuke eta lanpostuak sortuko lirateke”. Isolatu gabe dagoen alde horretan hotz handiagoa nabari da eta berogailuak lan gehiago egin behar izaten du. “Udan hobeki egoten da”.
25 urte hauetan ikuzgailu guztiak berritu dira, igogailuak modernizatu ziren, ohe guztiak elektrikoak dira, teilatuko odorretan hezetasun arazoak konpondu ziren, lorategia egin zen… “Azken urteetan ez da lanik egin, baina pixkanaka egin beharra dago”. Hurrengo urteetan hainbat lan eginen dira: “hasteko terrazak konponduko dira, itajurak eragozteko”. Leihateak eta sarrerako leiho ateak aldatuko dira, haietatik bero asko joaten delako.
Nafarroako Gobernuaren kontzertutik jasotzen den diruarekin, patronatuko gelen erabiltzaileek ordaintzen dutenarekin eta Altsasuko Udalak urtero jartzen duen diru-sailarekin berdintzen da erresidentziaren aurrekontua. Gastronomia elkarteek urtero dirua ematen diote erresidentziari.
Banaketa
1. solairua: sukaldea, ikuztegia, berogailua, makinak, gimnasioa, okupazio-terapiarako gela, ile-apaindegia, beilategia (tanatoria egon bitartean, erresidentekin erabili zena) eta langileen aldagelak.
2. solairua: ezkaratza, bisitendako komunak, jangela, gela txiki bat, erabilera anitzeko gela (kapera, ekitaldi areto eta telebista gela funtzioak betetzen ditu) eta logelak (2 bikoitz eta 12 ohe bakarreko).
3. solairua: ezkaratza, 8 logela bikoitz eta ohe bakarreko 10 logela, mutur bakoitzean egongela bana, erizainaren bulegoa eta kontrola.