Herrialde Katalanetako doinuak

Guaixe 2016ko api. 29a, 13:01

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Cambrilsgo Les veus del Casal eta Tarragonako Cor Adagio abesbatzek Altsasun bat eginen dute Kataluniako musika eskaintzeko. Erkudengo Ama abesbatzarekin egindako hartu-emanak emanen digu Sakanan bertan Herrialde Katalanetako doinuez gozatzeko. Izan ere, abesbatzen egitarauak Katalunia, Balear Irlak, Valentzia, Okzitania eta Alguergo (Sardinia) kantak jasotzen ditu. Horrela, kontzertuak batean eta bestean dauden kataluniar kulturaren komuneko aspektuak islatuko ditu. Kontzertuari hasiera Erkudengo Ama abesbatzak emanen dio, bisitariei eszenan tokia uzteko. Emanaldia despeditzeko Kataluniako eta Altsasuko abesbatzak elkarrekin ariko dira.

Abesbatzei dagokienez, Cambrilsgo Les veus del Casal 1999an sortu zen. Pertsona helduz osatutako abesbatzen Kataluniako lehiaketan lehen saria eskuratu zuen 2010ean. Marc Guerris zuzendariaren gidaritzapean aritzen dira. Tarragonako Adagio abesbatza 1996an sortu zen eta Neus Torresek zuzentzen du. Hiriburu hartan dauden Els Russinyols haur abesbatza, Jove Cor eta Cor Ciutat de Tarragona abesbatzekin batera, Cor Ciutat de Tarragona elkartea osatzen dute. Elkarte horrek musika eta musikarekin bizi nahi duten pertsona guztiendako benetako abesbatza kantu eskola izatea du helburu.