Garraxi festa

Guaixe 2016ko api. 29a, 15:08

Larunbatean, 21:00etatik aurrera, gaztetxean.

Garraxi Irratiak (FM 101,9), Altsasuko irrati libreak festa antolatu du biharko. 21:00etan irratiko kideak eta lagunak afaltzera elkartuko dira. Ondoren, 21:30ean Txof zirkoaren ikuskizunarekin gozatzeko aukera izanen da. Belarri motza sound systemak reggae eta ska doinuekin dantzarako erritmoak jarriko ditu 22:30etik aurrera. Eta gauerdiarekin batera disko jartzaileen txanda iritsiko da, Txen, Aitor eta Lokesea.

Altsasuko gaztetxetik emititzen duen irrati libreak, Garraxi Irratiak (FM 101,9), zuzeneko sei saio ditu. Astelehenetan ekologiarekin lotutako albisteak lantzen dituen Saltsa berde saioa entzun daiteke, 20:00etatik 21:00etara. Asteartetan Belarri motza sound systemaren saioa dago, 18:00etatik 20:00etara. Ordutegi berean, baina asteazkenetan, El saco del brujo saioaren txanda da. Eta hura bukatu ondoren, 20:00etatik 22:00etara, El pan y las rosas. Ostegunetan Orain dator onena saioa entzuteko aukera dago, 20:00etatik 21:00etara. Ostiraletan, 20:00etatik gauerdira arte, eta gehiago, Chck point saioaren txanda da. Gainera, larunbatetan Amanecer drogrado podcasta entzuteko aukera dago, 13:00etatik 15:00etara.

Saio horien berremisioak emanaldiaren hurrengo egunean entzuteko aukera dago. Baina ez dira bakarrak: Euskalerria, Hala Bedi, Eguzki, Info 7, Burbuja, Guiniguada, Ela, Urcm, Zintzilik, Vallekas, Klara, Irola, Topo edota Beleixe irratiaren saioen berremisioak ere entzungai daude astean zehar. Gainera, orduak puntuan baino bi minutu lehenago, hainbat web orritako titularren irakurketa automatikoz osatutako Garraxiko albistegia entzungai izaten da.