CBASK, Final Fourrean

Guaixe 2016ko api. 29a, 15:00

Nafarroako gizonezkoen senior mailako 1. maila autonomikoko Final Fourra Altsasun jokatuko da asteburu honetan

Club Baloncesto Alsasua-Altsasuko Saskibaloi Kluba (CBASK) denboraldi bukaeran murgildua dago. Aurten 10 talde ditu CBASKek: gizonezkoen seniorra, gizonezkoen juniorra, emakumezkoen kadetea I, emakumezkoen kadetea C, gizonezkoen kadetea, emakumezkoen haurren aurre maila, gizonezkoen mini maila, emakumezkoen aurreminia, emakumezkoen benjamina eta benjamin aurremistoa. Denboraldia gogotsu osatzen ari dira, gizonezkoen senior mailakoak bereziki. Izan ere, Nafarroako gizonezkoen senior mailako 1. maila autonomikoan ari da CBASK, eta primerako denboraldia egin eta gero, sailkapeneko lehen lau postuetan sailkatu da Altsasuko taldea, ligako lehen postuan, zehazki. Beraz, ligako titulua erabakiko den Final Fourrerako edo lauko finalerako sailkatu da CBASK.

Fermin Herrero da gizonezkoen senior mailako CBASK taldeko entrenatzailea. Jon Otermin, Angel Liaño, Unai Mundiñano, Julen Mendia, Jorge Herrero, Eneko Casteig, Adrian Senar, Jorge Misiego, Javier Ruieda, Iñaki Herrero eta Josu Mendiola jokalariak.

Nafarroako Gizonezkoen senior mailako 1. Maila autonomikoko Final Fourra edo lauko finala Altsasun jokatuko da asteburu honetan. Larunbatean, Zelandin, CBASK-ek Iruñeako Oberena izango du aurkari, eta Iruñeko Muthiko Alaiak taldeak San Adriango El Navarriko taldea. Bi partidetako irabazleek titulua lortzeko final handia jokatuko dute igandean, 11:45ean. Aurretik, igandean, 9:45ean, 3. eta 4. postuak zehazteko finala jokatuko da. Ea Altsasuko taldeak lan ona egiten duen eta final handirako sailkatzen den. Zalantzarik gabe, zaleen babesa izango du eta kantxa faktoreak beti laguntzen du. Ligako lehen postuak tituluko lehen postuan isla izan dezala.

Final Fourra (Altsasuko Zelandi kiroldegian)
Larunbatean
16:00etan: CBASK-Oberena
18:00etan: CBSA El Navarrico – Muthiko Alaiak

Igandean
9:45ean: 3. eta 4. posturako finala
11:45ean: Final handia