Erregional maila: Altsasuk 9. postuan despeditu du denboraldia

Guaixe 2016ko mai. 2a, 12:39

Erregional mailako 3. multzoa. 30. jardunaldia: Altsasu 1 – Beti Kozkor 1

Altsasuk etxean jokatu zuen 2015-2016ko erregional mailako azken partida, Lekunberriko Beti Kozkor taldearen kontra. Altsasu sendo hasi zen, gol aukerak sortuz. Falta baten jaurtiketa bikaina aprobetxatu zuen Gorkak, erremate bikaina egin eta Altsasuren aldeko gola sartzeko. Atsedenaldia eta gero, Altsasuren atera lehen aldiz iritsi zen Beti Kozkor. Jokaldi nahasian, baloiak Lapuenteren kontra jo eta ate barrura sartu zen. Horrela, berdintzea lortu zuen Beti Kozkorrek. Altsasuk gol aukera argiak izan zituen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

Doneztebek irabazi du erregional mailako 3. multzoko liga (74 puntu) eta preferente mailara igoko da. Lezkairuk (73 puntu) eta Amigók (68 puntu) igoera fasea jokatuko dute. Altsasu 9. postuan sailkatu da (33 puntu). Aurtengo denboraldia trantsiziozkoa izango zela adierazi zuen Altsasuk, jokalari oso gazteak baititu eta kategoriari egokitzea baitzen erronka. Hurrengo denboraldian erregional mailan jarraituko du Altsasuk eta beste helburu batzuei egin beharko die aurre.