Aurpegiaren arabera txukuntzen da bizarra

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko mai. 6a, 08:05

Marian Navarro, Ile-apaindegia eta bizartegi.

1. Ile-apaindegia ireki duzu Altsasun. Bizartegia ere bada. Sakanan zerbitzu berria da, ez?
Bai. Bizarra ez du inork lantzen. Azken urteotan gizonek bizarra uzten dute eta pinpirinagoak dira. Ongi zaintzea gustatzen zaie ere. Geroz eta gehiago prestatzen dira eta zerbitzu hau beste osagarri bat da. Cebado Madridek aukera eman dit bizartegia Nafarroara ekartzeko. Espainia mailan mugitu nahi dugu. Hemengo naiz eta hona ekarri nahi izan dut, beraz, logoa euskaraz egotea nahi nuen. Arazorik gabe jartzeko esan zidaten, eta behar nuenarentzako lagunduko nindutela.

2. Zergatik bizartegia?
Duela nahiko denbora interesatu nintzen bizargintzan. Nire bizitzan asko mugitu nahiz eta nire ondoan nirekin fidatu den jende oso ona egon da. Bizargintza ikasteko aukera sortu zen eta egiteko esan zidaten. Nik aurrera egin nuen.

3. Leku askotan egon zara. Zergatik ireki duzu Altsasun ile-apaindegi eta bizartegia?
Azkenean etxera itzuli behar zarelako. Herria eta hemengo bizi kalitatea gustatzen zaizkit. Hirian ongi zaude, baina herri honetan denetarik dugu eta bizartegi zerbitzua falta zela konturatu nintzen. Zertarako joan behar zara hiriburura hemen behar duzun guztia badago. Jendeari oso ideia ona iruditu zaio. Betidanik galdetu didate ea noiz irekitzen nuen ile-apaindegi bat. Baina unea ez zen iristen, ikasteko gauza berriak agertzen zirelako. Eta orain osagarri berri hau dagoenez, herrirako zerbitzu berri bat, duela urte bat unea zela pentsatu nuen.

4. Nola izan da prozesua?
Oso argi neukan zer nahi nuen eta nola nahi nuen. Talde handi bat izan dut ondoan laguntzen. Ni sustatzailea izan naiz, arkitektoek antolamendua egin zuten, baina dekorazioa nirea da. Herriko jendea kontratatu dut, herriko jendeari lana eman diot; hori argi neukan. Ezagutzen nuen jendearekin lan egin dut: igeltseroa, iturgina, margotzailea, eskaiolista... Gainera, ile-apaindegian ez dut mantala erabiltzen eta hemengo dendetako arroparekin janzten naiz. Hemengo merkataritza laguntzeko modu bat da. Bizartegian mantala daramat.

5. Bizartegian zer zerbitzu eskaintzen dituzu?
Lehendabizi diagnostikoa egiten diet. Hitz egiten dugu eta esaten diet bizarra nola zaindu behar duten. Bizarra ez da bakarrik moztu behar; bizarra hesi bat da eta kimatu behar da. Aurpegiaren leku guztietatik ez da berdin hazten eta, horregatik, bizarra ez da maila berdinean moztu behar. Bizarrarendako dauden hainbat produktu erakusten diet ere: txanpu, olioa, argizaria eta after shave edozein motatako larruarendako. Produktu hauek bereziak dira antiseptikoak direlako eta atera daitezkeen pikortak edo kiste txikiak ekiditen dituzte.

Ondoren italiar errituala egiten diet. Erritual bat da: eskuoihala lurrunean egon da eta beroa dago, ateratzen dut eta bizarraren gainean jartzen diet. Horrela egoten dira aparra prestatzen dudan bitartean. Aparra esentziak darama eta bizar mota ezberdinentzako dago. Gero bizar-xafla tradizionalarekin bizarra mozten eta txukuntzen dut. Bizarraren zaintzearekin zerikusirik duten zerbitzu guztiak eskaintzen ditut, adeitasun pertsonalizatuarekin eta azkenengo tendentziak jarraituz; bizarrak tindatzen ditut, metxak eta gizonentzako depilazioa ere egiten dut.

6. Nola txukuntzen da bizarra?
Aurpegiaren formaren arabera. Aurpegi guztiak ez dira berdinak. Makilatzearen antzekoa da: txuriak kentzen du eta beltzak jarri. Bizarrarekin berdina gertatzen da. Aurpegia zabala bada bolumena behean jartzen dugu eta horrela aurpegia estutzen da. Bolumenenekin jolasten da. Horrela aurpegiak luzatu daitezke.

7. Modak edo tendentziak daude?
Tendentziak daude, bai. Esaterako aldeetako bizarra edo beheko bizarra utzi bakarrik. Herrialde bakoitzean ere joera ezberdinak daude. Ilearekin berdina gertatzen da; adibidez, Asiako ilea leuna da. Bizarrekin berdina gertatzen da. Herrialde arabiarretan bizarra kokotsaren inguruan eramaten dute bakarrik. Orain bibotea uzteko moda dator. Ez Daliren bibotea, baina bibotea eramatea.

8. Sakanako gizonak bizardunak dira?
Bai. Lehen bizarra eramaten zuten eta esaten zitzaien utziak zirela. Baina orain bizarra eramatea modan dago eta berriz utzi nahi dute. Sakanako hainbat bezero ditut. Altsasun mutiko batek ikastaro batean modelo bezala lagundu zidan eta ezkontza baterako txukundu nuen.

9. Beraz, bizarra zaintzen dute.
Etorri direnak esan didate bizarra zaintzen erakusteko. Interesa dute etortzen direnean diagnostikoa egiten diogulako. Gero bizarrentzako txanpu bereziarekin garbitzen diet eta zaintza guztiak egiten diet. Ulertzen dute bizarra zaindu behar dutela. Badakite hilabetero edo hilabete eta erdiro etorri behar direla txukuntzera. Bizarra utzi nahi dutenendako lehenengo hiru hilabetea zailak dira ez delako leku guztietatik berdin hezten, leku batzuetan bizar gabe gelditzen da... Baina pixkanaka txukuntzen badute ongi hezten hasten da eta forma ematen zaio.

10. Zer berezitasun dauzka bizartegi bat duen ile-apaindegi batek?
Hemen bizartegi corner bat dago. Corner bat horretarako espezializatuta dagoena. Gizonek ile-apaindegi bat ikusten dutenean, are gehiago emakume batek artatzen badute, deseroso egoten dira. Gizonek haien lekua behar dute eta hemen beraiendako lekua dute. Haien itxoiteko gela, esekitokia... Askoz erosogoak sentitzen dira. Ez dut bereizketarik egiten, baina haiek eroso egoten dira. Emakume bizargin gutxi daude, baina geroz eta gehiago.

11. Ile-apaindegian ere berritasun edo zerbait ezberdinak eskaintzen dituzu?
Bai. Alde batetik, adeitasun pertsonalizatua ematen dut. Nik horrela lan egiten dut. Ile-apaindegian formatu naiz, baita estilismoan edo aurpegiaren ezagueran ere. Bezeroak ezagutzea gustatzen zait, zertan lan egiten duten edo egunean zehar zer egiten duten jakitea gustatzen zait zer nolako orrazketa eraman behar duten jakiteko. Gerta liteke orrazkera bat tendentzia izatea baina pertsona horri gaizki gelditzea. Azterlan txiki bat egiten dut. Gainera, talasoterapia zerbitzua ematen dut ere. Buru-azalaren arazoak tratatzeko zerbitzu bat da. Jendeak pentsatzen du burusoiltasun arazoak medikuan artatzen direla eta haiek kortikoideak baino ez dituzte ematen. Zerbitzu honekin arrazoien diagnostikoa egin dezakegu. Mikrokamara batekin buru-azala begiratzen dugu anomaliak ikusteko eta gero tratatzen dugu.











Zuzenketarik ez.