Euskara irakurtzearen saria

Guaixe 2016ko mai. 5a, 19:43

Euskarazko literaturara lotzeko gonbidapena da Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) kanpaina, Euskaltzaleen Topaguneak Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuaren eta beste hainbat eragileren laguntzaz antolatu duena. Herrietako liburutegietan liburua maileguan hartu, hura irakurri  eta iritzia eman ondoren, euskarazko liburu bat erosteko deskontu txartela jasoko da. Sakanako liburu-dendetan liburuak erostekoan deskontua izanen da. Liburua norbaiti edo norberari oparitu ahal zaio.

Horixe da IGOren dinamika. Gainera, hartan parte hartzen duten guztien artean zozketak izaten dira. Kanpaina indarrean den lehen hilabetean parte hartu duten guztien artean 30 euroko zortzi txeke zozketatu dira eta honakoak izan dira sarituak: Frida Mendibe (Arbizu), Marisa Zabala (Etxarri Aranatz), Garazi Albarracín (Olatzagutia), Mariaje Perez (Ziordia), Yahya El Bahkaoui (Etxarri Aranatz), Asier Zelaia (Altsasu), Iñigo Orella (Etxarri Aranatz), Josebe Sagastibeltza (Arbizu). Maiatza akaberan beste zortzi txeke zozketatuko dituzte.