Udalak haur eskola egiteko erabakia hartu du

Guaixe 2016ko mai. 6a, 10:08

Lanak udan hasi eta abenduaren 31rako despedituak egotea nahi du udalak. Gaur egun 42 ume daude haur eskolan.

Aho batez Altsasuko Udalak onartu zuen Txirinbulo udal haur eskola egiteko proiektuaren eta lanen exekuzioaren konpromisoa. Horrekin batera, lanak egiteko aurrekontu aldaketa onartu zuen ere. Navarro Villoslada eraikineko beheko solairuan egonen da udal haur eskolaren egoitza. Lanak egiteko enpresek euren proposamenak aurkezteko hilabete izanen dute. Aukeratutakoak 4 hilabete eta 3 astetan despeditu beharko ditu lanak (2009an lanen herena egin zen), abenduaren 31rako. Horrela, udal haur eskola 2017-2018 ikasturterako erabilgarri egonen da.

Txirinbulo haur eskolako lanek 585.000 euroko aurrekontua dute. Haietara Nafarroako Gobernuak 250.000 euro bideratu ditu. Horretarako hitzarmena sinatu behar da eta zirriborroaren gainean lanean ari dira aldeak gaur egun. Altsasuko Udalak lanetara 335.000 euro bideratuko ditu. Haietatik 258.270,01 euro moduluen sutearen ondoren aseguru-etxeak ordaindutakoak dira (gazte guneko egokitzapenean zerbait gastatu zen) eta gainontzeko 76.729,99 euroak udalaren diruzaintzako gerakinetik aterako dira. Beraz, udalak bere zerbitzu baterako egoitza egiteko ez du zorpetu beharko.


Haur eskola berria
Navarro Villoslada eraikinerako 2009ko proiektuak zortzi unitate eta 1,3 milioi euroko aurrekontukoa zen. Irailaren 3ko sutearen ondoren egindakoa 6 unitate eta 900.000 euroko aurrekontua zuen. Hezkuntza Departamentutik azken 10 urteetako jaiotzak eta matrikulazioak kontuan izanik lau unitateko haur eskola egitea egokiena litzatekeela adierazi zuten. Txirinbulo berriak 1-2 urteko umeendako unitate bat izanen du, 2-3 urteetakoendako beste bat, unitate mixta bat, bularreko umeendako unitatea eta jangela izanen ditu.

Txirinbuluko hezitzaileak bilkuran izan ziren eta erabakiarekin “oso pozik” atera ziren, “suziriak botatzeko moduan. Altsasuko familia guztien beharrak asetzeko moduko eskola izanen dugu”. Matrikulazio epea hilaren 20tik 30era izanen dela gogorarazi zuten. Moduluak erre zirenean “zer egin” jakin gabe egon zirela aitortu digu Rosa Goikoetxea hezitzaileak. Gaineratu du gaur egungo behin behineko egoitzan “leku gutxi dugu baina gure lanarekin segitu dugu”. Goikoetxeak haur eskola zazpi egoitzetan ezagutu du: Domingo Lunbier, Navarro Villoslada, mojen ikastetxea zena eta obrak egin dituztenean ludotekan, liburutegian, Zelandi eskola eta moduluetan. Haur eskolaren diseinuan hezitzaileek esku hartu dutela esan digute.


Iritziak
Javier Ollo Martinez alkateak (Geroa Bai) aldeko botoa ematerakoan esan zuen udalak “Txirinbulo udal haur eskolarekin zor eta ardura politiko eta etikoa” duela. “Hezitzaileek egiten duten lan duina legegintzaldi honetan behin betiko egoitza batean egin dezatela espero dut. Behin behineko egoitzetan urte asko eman dituzte eta bada garaia udalak ahalegin handia egin eta egoera konpontzeko”.

Arantza Bengoetxea Intxausti (EH Bildu) baiezko botoarekin batera alkatearen eta departamentuaren gaiaren kudeaketarekin guztiz ados ez zeudela adierazi zuen. “Uste dugu bai udalak nola departamentuak ez dutela sakonean aztertu Txiokak bere azpiegiturak haur eskola han jartzeko egindako eskaintza. Hala egin balitz agian orain jarriko den dirua altsasuarren beste behar batzuetara bideratuko litzateke”.  Alkateak gaia kudeatzerakoan Ongizate Batzordeko lehendakariarekin harremanik ez duela izan adierazi zuen. Erabakia hartzerakoan udalarenaz aparte departamentuaren txostenak ere izatea nahiko luketela esan zuen. Eta eskatu zuen udalak eta departamentuak sinatu beharreko hitzarmenean “beharrezko berme guztiak jaso ditzala lanak beharrezko baldintzetan egin dadin, epeak, ezusteak eta abar”.

Alkateak Txiokaren proposamenaren inguruan azaldu zuen Txiokak kontsortzio publiko-pribatu bat sortzeko proposamena aurkeztu ziola udalari (udala buru eta udalaren eta Txiokaren bina ordezkarirekin batera). “Kudeaketa eta zuzendaritza-pedagogikoa Txiokaren eskutan izatea proposatzen zuten. Nafarroako Gobernuan galdetu genuen eta halako erakunde batek ez zuela toki-kontsortzio izaera izanen eta ezin izanen zuela diru-laguntzarik jaso adierazi zuen”. Geroa Bai kudeaketa eta zuzendaritza Txiokaren eskutan gelditzearekin ados ez zegoela gaineratu zuen.

Juan Migel Perez Hurtado (PSN) adostasuna azaltzearekin batera, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza “motz” gelditu zela eta aurrekontua estaltzeko falta ziren 77.000 euroak ordaintzea eskatu zuen, “udalak diruzaintzako-gerakinetik ez gastatzeko”. Javier Paz Ongizate Batzordeko buruak “eskertuak” egoteko arrazoiak zeudela erantzun zion:”diru-laguntza 900.000 euroko proiektuari eman diote, eta ez eginen den 585.000 eurokoari. Diru-laguntza txikiagoa litzateke orduan”.

Virginia Alonso Apariciok (Goazen Altsasu) eskerrak eman zizkien urteetan haur eskola publikoaren alde lanean ari diren guztiei: garai bateko eta oraingo familiei, haur eskolako lantaldeari, udal teknikariei eskerrak. “Poz handia sentitzen dugu. Zerbitzu hau gure herriko premia handienetako bat dela uste dugu”. Javier Lopez Patus (UPN) proiektua aurrera egitearekin pozik azaldu zen. Lanak egiteko epeekin kezka adierazi zuen.


Diruzaintzako gerakina
Gastu orokorretarako Altsasuko Udalak duen dirua 1.895.417,15 euro dira. Haietatik 244.337,9 euro    zintzilik dauden hirigintza gaietarako bideratuko dira. Aurki Otadiako 3. sektoreko epaia emanen du auzitegiak. 900.000 euro gorde dira kontrako epaia izanez gero ordaindu ahal izateko. Beraz, udalak erabilgarri 751.079,25 euro ditu. Haur eskola egiteko 335.000 euro bideratuko direnez, 416.079,25 euro gelditzen dira. Aurreko urteetan bezala udaleko talde guztiek adostuko dute diru horrekin zein inbertsio egin. Hala ere, Espainiako Aurrekontu Egonkortasun Legeak udalei edozein inbertsio egiten ez die uzten.