Auzo-konpostagailuak martxan jarriko dira

Guaixe 2016ko mai. 6a, 08:17

Maiatzaren 13an jarri nahi dira martxan. Izena eman nahi duenak 900 730 450 doako telefonora hots egin dezake.

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak auzo-konpostagailu bana Otain eta Navarro Villoslada ikastetxea zenaren ondoan jarri zituen 2014ko abenduan. Alde Zaharreko eta Otai aldeko 33 familiek eta zabalguneko bik auzo-konposta egiteko izena aspaldi emana dute. Mank-etik azakdu dutenez, auzo-konpostagailu bakoitza, gehienez, 35 familiek erabiliko dute.

Beraz, bai batean bai bestean auzo-konposta egiteko izena emateko aukera dago. Altsasuko zabalgunean Hondakin Zerbitzuak kartelak jarri ditu interesatuek izena eman dezaten. Hilaren 11ra arteko epea izanen da. Eskaerak jasotze ordenaren arabera onartuak izanen dira. Jende gehiagok izena emanen balu itxaron zerrenda osatuko litzateke.

Altsasun auzo konposta egiten maiatzaren 13an hasi nahi dute. Hala izateko, izena emanda daudenendako argibide hitzaldiak izanen dira. Haietan konposta sortzeko prozesua azaldu eta materialak (pertza, gida eta giltza) banatuko zaizkie. Bi auzo-konpostagailuak martxan jartzeko baldintza bakarra dago: izena eman dutenen artean gutxienez boluntario bat egon dadila. Bere edo beraien egitekoa mantenu egokiaz arduratzea litzateke: buelta ematea, lehorra badago ura botatzea, zerbitzuari arazoak komunikatzea… Altsasuko Udalak auzo-konpostagailuen inguruan dagoen eremua garbitu eta noizean behin txukun uzteko konpromisoa hartu du.