Aniztasunaren astea Zelandi eskolan

Guaixe 2016ko mai. 9a, 09:03

Gurasoei zuzendutako saioak arratsaldez izanen dira. Ikasleek kultur aniztasunari buruzko jarduerak pasa den asteazkenean eta etzi izanen dituzte.

“Joan den urteko arrakasta ikusirik, bigarrenez Aniztasunaren Astea antolatu da Zelandi eskola publikoan”. Bego Zestau Baraibar Sakanako Mankomunitateko Migrazio eta Aniztasun teknikariaren azalpena da. Zelandi eskolako hezkuntza komunitatea elkar hobe ezagutzeko eta elkarren arteko harremanak estutzeko saioak antolatu dira gaurtik ostiralera, asteazkenean salbu. Ikastetxeko jangelan elkartuko dira. Migratzaileek Altsasun bertan izandako bizipenak kontatuko dituzte lehen saioan. Ondoren bakoitzaren sorterrian hezkuntza, osasungintza edo sukaldaritza nolakoa den azaltzeko saioak ere izanen dira.

Ikastetxean bizi den kultur aniztasuna azaleratzeko balioko du programazioak. Zestaurekin batera berau antolatzen Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, eskola, Zelandiko guraso elkartea eta ama talde bat aritu dira.

Ikasleen bidaiak
Pasa den asteazkenean eta etzi Zelandiko ikasleak munduko bost etxeetara “bidaiatuko” dute. Horrela, Txina, Maroko, Portugal, Altsasu eta Alemaniako hainbat gauza ezagutuko dituzte: jakiak, istorioak, kondairak, janzkerak…

Egitaraua
Maiatzak 9, astelehena
15:00etatik 16:30era Mundutik Altsasura: zailtasunak, nahiak…

Maiatzak 10, asteartea
15:00etatik 16:30era Munduan barrena hezten.

Maiatzak 11, asteazkena
Goizez, txoko anitzak ikaslegoarendako.

Maiatzak 12, osteguna
15:00etatik 16:30eraMunduko osasungintzak.

Maiatzak 13, ostirala
15:00etatik 16:30era Munduko jakiak.