Amonari loreak

Guaixe 2016ko mai. 10a, 11:33

Itziar Nazabalek amonaren omenezko Nire lorategiko arrosari erakusketa asteartean zabalduko du, hilaren 25era arte ikusgai izanen dena; astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

“Ez da erakusketa tristea. Hainbat lore ageri dira koadroetan. Sentimendua eta alaitasuna dira loreak. Kolore asko du. Amonak emandako babesa eta maitasun guztia eskertzeko erakusketa da. Bere ohorez. Berari eskainita. Familiaren omenaldia”. Hunkituta hitz egin dituna Itziar Nazabal margolaria da. Joan den urteko apirilean, ezustean, hil zen haren amona. Erakusketarako propio sortutako koadroak izanen dira ikusgai daudenak. Guztietan loreak izanen dira ikusgai.

Haiek sortzeko teknika nahasia erabili du Nazabalek. Batzuetan akrilikoa, akuarela besteetan. Baina guztietan nahasia. Irudiak lihoa, kotoia, papera eta baldosen gainean sortu ditu. Azken horretan sortzen hasia da. Tamaina guztietako koadroak dira, Nazabal zigilua dutenak:lehenik sentipenen leherketa bat, figurazioa ondoren eta, despeditzeko, eztanda zipriztinak.

Dolua
Amonaren omenez hasitako serie bateko loreak dira. “Apirilaren 11n amonak urteak egiten zituen. Nere koadroak bazituen, baina koadro berezi bat oparitu nahi nion. Aditua zenez, lore bat zuen koadro bat oparitzea erabaki nuen”. Harendako propio bat sortu zuen, ezkutuan, Nazabalen lan guztien jakitun eta konplize baitzen amona: “biluzien serieko poseak aukeratzen laguntzen zidan”. Sekretuan sortu zuen amonarendako loredun koadroa.

“Pozik, gustura sentitu nintzen. Amonarekiko loturak sentipen onak sortu zizkidan eta gauzak mugitu zizkidan”. Atzetik beste bost koadro etorri ziren. “Guztiak amonari erakutsi nizkion oparitarako bat aukeratzeko eskatuz. Ezer jakin gabe, berarendako propio egindako lorea aukeratu zuen”, kontatu digu hunkituta Nazabalek. Loretan aditua zen amonaren laguntzarekin loreekin osatutako serie bat sortzea erabaki zuen margolariak, biluzien seriearekin tartekatzeko. Udaberriko ametsa heriotzak errotik moztu zuen, bat-batean. Nazabal eta etxekoak jota gelditu ziren. “Sortzeko gogorik gabe gelditu nintzen, erabat suntsituta”.

Indar apurrekin sortutako biluziak Italian ohorezko aipamena merezi izan zioten eta loredun koadroetako batzuk agentearen bidez Txinarako bidean zeuden. Gogorik ez margotzeko eta zalantzak: “loreen seriearekin ezin dut segi; baina aldi berean, amonak nahiko luke”. Abenudan Haritza tabernan egindako zuzeneko margotze saioa egin zuen. “Inflexio puntua izan zen”, berriro sortzen hasi baitzen. Ikusgai izanen diren koadroak erakusketarako margotu ditu Nazabalek.

Bizia
Nazabalek berezkoa du erakusketa “biziak” egitea, ez da koadroak zintzilikatzera mugatzen. Haien aldamenean koadroen sortze prozesua erakusten duten argazkiak jarriko ditu. Eta horien osagarri bi jarduera ere antolatu ditu. Erakusketa asteartean zabalduko bada ere, ostiralean mustutze ekitaldia eginen du Nazabalek, 19:30ean. Ekitaldian performancea eginen dute margolariak berak, Irantzu Gonzalez dantzariak eta Jorge Cordon piano-joleak. Nazabalek azken urtean bizitakoaren irudikapen kontzeptuala izanen da hiruren artean eginen dutena.

Hilaren 19an, ostegunean, 19:30ean Nazabalek zuzeneko margotze saioa eginen du erakusketa gelan bertan. Pintzela Jorge Cordonen piano musikaren doinura mugituko du margolariak. Horretaz, aparte, “kultura eta artea jendeari gerturatu” ahal izateko erakusketara bisita gidatuak antola ditu margolariak berak. Horregatik, besteak beste, ikastetxeekin harremanetan jarri da.