Festa gogoz

Guaixe 2016ko mai. 9a, 08:52

Haizeak eta tarteka botatzen zuen euriak eskulangileak Burunda pilotalekuan aterpea bilatzera eraman zituen eta han ospatu zen artisau azoka. Frontoian, bueltan-bueltan, ibili ziren ikusleak, orain ehoziriak dantzan ikusten, pilotak nola egiten ziren ikusten, harri eta zur-langileekin hitz eginez… 20 bat ogibide izan ziren. Manuel eta Peio Kañamaresek garai batean oholak nola egiten ziren erakutsi zuten zerrategiarekin. Toki aldaketak talorik gabe utzi zituen bisitariak, baina txistorra pintxoak dastatzeko aukera izan zen. Ehunka izan ziren artisau lana bertatik bertara ikusi nahi izan zutenak. Gauza bera gertatu da Gure Etxea eraikinean ikusgai egon den lentzeria ikastaroarekin. 1970eko hamarkadan ospatzen ziren festa euskaroen lekukoa 1993an hartu zuen azokak.

Horrela despeditu zen ospakizunez betetako asteburua. Alde Zaharreko festak erraldoi (momotxorroa eta sorgina soilik) eta buruhandiak atera zituzten kalera larunbat eguerdian. eLe festak euskaldunberrien omenaldia ekarri zuen. 300 bat pertsona elkartu zituen herri bazkariak. Mahaitik jaso eta txarangaren laguntzaz gazte asanbladak antolatutako pilota txapelketako finalak ikustera eraman zituen denak. Ordu txikiak arte luzatu zen ospakizuna.

Erlazionatuak