Altsasu festetarako kartel bila

Guaixe 2016ko mai. 9a, 15:17

Aurten festak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Altsasuko Udalak.  Helduen eta haurren mailetan deitu da lehiaketa. Aurreneko mailan parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake, beti ere, lan originalak direnak. Karteletan, ezinbestean, honako testua agertu beharko du: Altsasuko festak 2016 / Fiestas de Alsasua 2016. Lanen tamaina A3koa izanen da, edo 70 cm altu eta 50 cm zabal. Aurkezterakoan euskarri gogor baten gainean aurkeztu beharko da.

Lanak, plika sistema erabiliz, garilaren 15eko 14:00etara arte aurkeztu daitezke, Iortia kultur gunean. Epaimahaiak hiru kartel finalista aukeratuko ditu. Altsasuarrek, garilaren 20tik 26ra eginen den herri bozketa bidez, aukeratuko dute aurtengo festak zein kartelek iragarriko duen. Herrian erroldatutako 16 urtetik gorakoek eman ahalko dute botoa. Hiru modu izanen dira: Iortia kultur gunean, 10:00etatik 14:00etara, 012 telefonora hots eginez (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 19:00etara) edo www.altsasu.net web orriaren bidez. Aukeratutako lanaren egileak 600 euroko saria eskuratuko du.

Haurren maila
DBH2 bitarteko Altsasuko ikastetxeetako ikasleak lehiaketara lanak aurkeztu ditzakete. A3 tamainako kartulina batean egindako proposamenak onartuko dira. Lanetan Altsasuko festak 2016 / Fiestas de Alsasua 2016 testua agertu beharko da. Kartel proposamenak, plika sistema bidez,  garagarrilaren 17rako aurkeztu beharko dira Iortian. Kartel aukeratuaren egilearendako saria marrazteko materiala eta 60 euro izanen da.