Liburuak migratzaileak laguntzeko

Guaixe 2016ko mai. 12a, 16:52

Borondatearen truke Gil Chezaren nobela Arkatz liburu-dendan hartu daiteke eta jasotako dirua Lesbosen lan egiten duen GKE bati ematen zaio.

Stock eta biltegi arazoengatik argitaletxeak bere El hombre que arreglaba bicicletas liburuaren 2.000 ale suntsitu behar zituela jakin zuen idazleak, Angel Gil Chezak. Haiek suntsiketatik berreskuratu zituen baina saldu ezin zituenez, banan-banan etiketatu zituen eta haien truke jendeak emandako donazioak ongintzara bideratzea erabaki zuen. Europarako ametsa bete nahian Greziako kostaldera iristen diren errefuxiatuak laguntzen ari den Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeari bideratzen dio laguntza. Liburuaren ale batzuk Altsasuko Arkatz liburu-dendara iritsi dira eta borondatearen truke eskuratu daitezke, ez baitaude salgai.

Gil Chezaren bigarren eleberriak idazle baten istorioa kontatzen du. Hil aurretik testamendu “arraroa” uzten du, ondorioz bere bizitzako maitasuna izan ziren bi pertsonek elkar ezagutuko dute. Bataren bidez besteak ez dagoenaren bidea ulertzeko modua izanen du.