Urruntze aginduari kasurik ez egiteagatik kartzelara

Guaixe 2016ko mai. 17a, 17:17

Altsasuko kale batean gizon bat oihuka eta emakume baten etxeko atean joka ari zela jakinaraziz hainbat dei jaso zituen Foruzaingoak larunbat goizaldean. Patruila bat hara joan zen eta 65 urteko gizona, S.V.P., opatu zuten, antza mozkortuta. Foruzainek auzokideen atsedenerako eskubidea urratzen ari zela eta jarrera aldatzeko eskatu zioten.

Gizonak hanka egin zuen, baina zenbait orduren ondoren toki berera bueltatu zen, jarrera berdinarekin. Atzera ere, foruzainak agertu ziren eta oihu egiteari uzteko agindu zioten. Hainbatetan ukatu omen zen, etxean bizi zen emakumearen kontra mehatxuak eginez, gainera. Desobedientzia eta mehatxu delituengatik atxilotu zuten. Zaintza epaitegira eraman zuten eta epaileak emakumearekiko urruntze agindua ezarri zion.

17 ordu pasa eta gero, igandean, gizona, atzera ere, emakumearen etxe inguruan agertu zen, bezperako jarrera berarekin. Foruzainak agertu eta inguruan opatu zuten. Urruntze agindua urratzeagatik atxilotu eta epaile aurrera eraman zuten. Iruñeko Instrukzioko 1. Zenbakiko Auzitegiak espetxean sartzeko agindu zuen.

112
Sexu indarkeria kasuak salatzeko telefonoa.