Betiko esentzia gordetzen duen diska berria

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko mai. 20a, 12:43

Los del Rayo.Argazkia: Leo Fernandez.

Los del Rayo talde altsasuarrak Sin alas para volar disko berria kaleratu du. Esentzia galdu gabe hogeita bost urte baino gehiagoko “garapena” nabaria dela dio taldeak. Gor disketxean grabatu dute azkeneko disko eta soinua “ikaragarria” dela azaldu dute.

Abesti batek hamaika interpretazio izan dezake. Sin alas para volar deitzen da Los del Rayo-ren azkeneko diskoa, Sin alas para volar abestiari esker. Hamaika interpretazio dituen abestia: “ametsak jarraitu behar ditugula esan nahi du. Ametsak izan behar ditugula”, dio Leok, taldean gitarra eta ahotsak jartzen dituena. Alonsok, bateria, beste interpretazio bat eman du: “abestia entzun nuenean etxe kaleratze bat etorri zitzaidan burura. Etxerik gabe gelditzen direnak eta ia bere buruaz beste egitera behartzen dituztenak”. Aurrera jarraitzeko indarrak ere entzun daitezke abestian: “lur-jauzi batera iristen den jendea datorkit niri burura. Bi aukera ditu: bota edo gelditu. Botatzen bada ez ditu hegalak izango. Beraz, gelditu eta borrokatu beharko du”. Peioren hitzak dira, gitarra eta ahotsak jartzen ditu taldean.

1980ko hamarkadaren bukaeran hasi ziren Los del Rayo jotzen eta diskoak kaleratzen. Garapena ikusten da azken diskoan. “Normala da, izan ere, hogeita bost urte baino gehiago daramagu jotzen. Urte hauetako lana nabaria da”. Gitarraren indarra nabarmena da oraindik ere, “rock-a”. Ez dute esentzia galdu, Los del Rayo-ren esentzia entzuten da diskoan. “Baina zertxobait amerikarragoa bada. Abesti batzuk soinu amerikarrak dituzte: gitarra saturatuagoak, eta abar”, azaldu du Peiok. Hala ere, “punk-agoak” diren soinuak ere entzun daitezke diskoan.

Sin alas para volar abesti bat da. Baina diskoak beste zortzi abesti ditu, aurrekoak baina hiru gehiago. “Sei abesti zituen beste diskoak eta motz gelditu zen”. Hamabi sartzea pentsatu zuten, baina gehiegizkoa iruditzen zitzaien. Beraz, bederatzi jartzea erabaki dute. Gor disketxean “oso gustura” lan egin dute eta ekoizpen lana “oso ona” dela esan dute. Estudioak ere urteekin aldatu eta “garatu” direla azaldu dute.

Aurkezpena
Iruñeko Zentral kafe antzokian aurkeztu zuten diskoa. Hainbat kontzertu eman dituzte dagoeneko eta garilean eta garagarrilean zuzenekoak egingo dituzte Iruñean eta Agurainen. Altsasun diskoaren aurkezpena egitea nahi dute, baina oraindik ez dute data zehaztu. “Kontzertuetarako errepertorio luzea prestatzen dugu, gure ibilbidearen erakusle. Hasieratik jarraitzen gaituztenak abesti zaharrak entzun nahi dituzte, baita berriak ere”. Beste proiektu handi bat prestatzen ari dira: akustikoa. Oraindik ez dute asko zehaztu baina korala eta bandarekin batera jotzea nahi dute. “Jendeari asko harrituko dio zer politak diren abestiak akustikoan”. Bi bideoklip grabatu nahi dituzte ere.

Diskoaren 1000 ale atera dituzte. Aurreko diskoaren 500 ale atera zituzten eta 200 aleko beste tirada bat egin behar izan zuten. Diskoa Altsasuko hainbat tabernetan aurkitu daiteke (Lurrazpi, Lezea, Espejo, Urtzi eta Akelarre), Iruñeko tabernetan ere, Gor disketxean saltzen dute edo, bestela, Los del Rayoko kideekin harremanetan jartzen.