Ekain Alegrek Nafarroako bertso-paper lehiaketako saria lortu du

Guaixe 2016ko mai. 19a, 19:45

Ekain kantuan, Zumalakarregi plazan, joan den urteko Euskararen Egunean.

Amaiurrek hartu du aurten Nafarroako Bertso Eskolen Eguna. 7 eta 15 urte bitarteko 90 gazte nafar elkartu ziren igandean. Ekitaldiz beteriko egun ederraz gozatzeko aukera izan zuten guztiek. Goizetik Amaiurko gaztelua bisitatu zuten, Mikel Altzuart gidari zutela. Han zeudela, eta gitarra lagun, Amaiurko gazteluari bertsoak kantatu zizkioten. Txaloak bertso paper lehiaketan sarituak izan zirenek jaso zituzten. Lau sarituen artean Ekain Alegre altsasuarra dago, DBH 3. eta 4. mailakoen kategorian saritua. Bazkaldu ondoren bat-bateko saioa egin zuten gaztetxoek. Eguna bertsolaritzarekin lotutako jolasekin despeditu zuten.

Gaur egun,18 urtetik beherako 228 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo Nafarroan. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean. Bertso eskola horietako bat Altsasun dago.