Udalaren udarako jardueratan eta kirol eskoletan izena emateko epea zabalik

Guaixe 2016ko mai. 20a, 10:21

Udako jardueretarako izen ematea gaur zabaldu eta asteazkenean itxiko da. Doako 012 telefonora hots egin behar da.

Altsasuko Udaleko Kirol, Gazteria eta Ludoteka zerbitzuek euren udarako eskaintza zehaztu dute, egunotan esku-orri moduan herriko etxeetara banatzen ari dena. Aurreko urteko eskaintzarekin alderatuta Gazteria Zerbitzuak bi berritasun ditu aurtengo udarako. Alde batetik, beira edukiontzien gainean eginen den grafitti ikastaroa, garilaren 4tik 8ra izanen dena eta 15euroko matrikula izanen duena. Bestetik, Donostiako hondartzara antolatutako irteera, gazteek 3 eurotan egin ahalko dutena.

Ikastetxeek klaseak bukatu ondoren, familia bizia eta lana kontziliatu ahal izateko Aisiaz blai programa eskainiko du ludotekak. Garagarrilaren 22an, 23an, 24an, 27an, 28an, 29an, eta garilaren 1ean. 3 eta 12 urte bitarteko haurrek ludotekan 8:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute. Bestalde, garileko eta agorrileko astegunetarako, 10:00etatik 13:00etara, Aisiaz Blai eskaintza izanen da 4 eta 12 urte bitartekoendako. Bi hilabete horietan hamabostaldika izena emateko aukera izanen da.

Garilean Aisiaz blai programan izena ematen dutenek Kirolaz blai programarekin uztartzeko aukera izanen da, begiraleak joan-etorriak koordinatuko dituztelako. Kirolaz ari garela, Altsasuko Udaletik jakinarazi dute, Zelandi kirol gunean udarako hainbat jarduera izanen direla. Gainera, heldu den ikasturtean kirol eskolaren batean seme-alabak apuntatu nahi dutenek horretarako aukera zabalik dute. Gaurtik garagarrilaren 10era bitartean eman daiteke izena, 012 telefonoan. Ordainketa kutxa edo banku bidez egin beharko da.

Prezioak, hobariak eta salbuespenak
Jarduerengatik ordaindu beharrekoa familien errentaren araberakoa izanen da. Aurreko urteetan bezala, udalak lau maila zehaztu ditu eta maila bakoitzaren arabera, kopuru bat edo beste ordaindu beharko da. Matrikuletan hobariak izateko aukera zehaztuak daude ere. Ordainketen salbuespenak kasu hauetan daude aurreikusiak: Altsasun duela sei hilabetez erroldatutako pertsonak, baldin eta udalari aldez aurretik ez ordaintzeko eskaera egiten badiote, eta egoera larrian daudela egiaztatzen duen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen txostena aurkezten badute. Guztiari buruzko informazio gehiago Altsasuko Udalaren web orrian dago.