Teatreves-ekin pozik

Guaixe 2016ko mai. 26a, 14:09

Villafrancako Caricaturas antzerki taldearen La Casa de Bernarda Alba antzezlanarekin despeditu da VI. Altsasuko amateur antzerki zikloa. Hiru larunbatetan beste horrenbeste antzezlanekin gozatzeko aukera eman du Tarima Beltzak antolatutako zikloak. Bertako kide Juan Manuel Herrerok esan digunez, aurreko urteetako kalitateari eutsi zaio bai antzezpenetan bai antolakuntzan. Publikoaren erantzuna pixka bat jaitsi dela ere aitortu du. Nabarmendu du bigarren emanaldia aktore baten gaixotasunagatik aldatu behar izan zutela. Azken emanaldiaren kalitatea aipatzearekin batera horretan publiko gehien bildu zela gaineratu du.

Ohi bezala, antzezlan bakoitzaren ondoren Tarima Beltzak zozketa egin zuen. Oihane Mazkiaran altsasuarrak jaso zuen saria: Altsasuko Dendarien Elkartearen establezimenduren batean gastatzeko 30 euroko txartela eta Alde Zaharreko Xurrut tabernen elkarteak emandako bi ardo botila. Gertu burdin-dendako Rebekak eman zion saria. Sari emaileei, udalari eta ikusleei Teatreves zikloa posible egiteagatik Tarima Beltzak eskerrak eman dizkie.