360ºko Nafarroako ikuspegiak erakusketa aretoan

Alfredo Alvaro Igoa 2016ko mai. 27a, 11:38
Aralarko santutegiaren 360ºko argazkia. www.navarra360.com

Garagarrilaren 14ra arte, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Javier San Felipe Larrea atzo zabaldu zuen Nafarroa 360 erakusketa, herrialdea argazki ikusgarrien bidez ezagutzeko aukera ematen duena. Nafarroako paisaien eta ondarearen (elizak, monasterioak) argazki panoramikoak daude ikusgai. Horiekin batera, gauez ateratako argazki panoramikoren bat eta Iruñeko Gaztelu Plazakoren bat ere ikus daitezke. Gainera, argazkilari altsasuarrak bere bidaietan egindako argazkiak ere ikusteko aukera izanen da; Irangoak, Indonesiakoak, Birmaniako eta Turkiakoak.

San Felipek azaldu digunez, orain dela 10-12 urte hasi zen argazkilaritzarekin. 2009 aldera bidaia batean argazkilariekin bat egin eta euskarriak eskaintzen zituen aukerak interes handiagoa piztu zioten. 2010-2011 aldera argazki panoramikoak ikusi eta haiekiko interesa sortu zitzaion. Ikertzeari ekin zion eta horren ondotik heldu da erakusketa.

Argazki panoramikoak egiteko kamera normala erabiltzen du. “Tripode gainean buru panoramikoa jartzen dut eta horrela argazki guztiak ikuspuntu beretik ateratzen dira”. Erakusketan ikusgai dauden argazkiak teknika eta softwarearen ondorio dira: “argazkiak batu eta programa batekin landu egiten ditut.”

Javier San Felipe Larrea
Baluarten argiztapen lanak egiten ditu altsasuarrak. Soinu teknikaria eta argazkilaria ere bada. Dagoeneko 11 argazki erakusketa antolatu ditu eta Altsasun bere argazkiak erakustea nahiko luke. Bere lanak, bestalde, www.navarra360.com web orrian ikusgai ditu. 360 graduko argazkiekin Nafarroako txokoak ezagutarazten ditu.

Erlazionatuak