Alaitasuna trasteatzen

Guaixe 2016ko eka. 3a, 12:07

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean herri musiken kontzertua.

Bi talde lagun dira Legazpiko Alaitasuna errondalla eta Altsasuko Trasteando. Bost urte edo gehiagoko harreman estua dute bi musika erakundeek. Bien arteko harreman horren fruitu da aurten batak bestearen herrian kontzertua eskainiko duela. Trasteando taldeko Cruz Mari Martinezek azaldu digunez, “helburua da noizean behin folklore eta sokazko musika eskaintzea. Gure herrian, eta eskualdean, toki bat badu musika horrek. Gogoko duen publiko bat badu”.

Eskaera horri erantzun nahian antolatu dute kontzertua. Hura zabaltzeko, eta giroa berotzeko, lehenik Trasteandok kantu pare bat eskainiko ditu, oholtza Alaitasuna errondailari emateko. Bisitarien bizkar izanen da kontzertuaren ardura nagusia. Haiek bukatzean, bi taldeak elkarrekin despedituko dira eszenariotik. Harremanak senidetze afariarekin segituko du. Legazpiarren biharko bisita udazkenean bueltatuko dute altsasuarrek.