Poe antzezlan bihurtua

Guaixe 2016ko eka. 3a, 13:43

Gaur, 22:30ean, Altsasuko gaztetxean.

Edgar Alan Poe idazle ipar-amerikarrak Bihotz salataria (The tell-tale heart) ipuina 1843ko ilbeltzean argitaratu zuen The Pioneer literatur egunkarian. Hartan agure baten begi gaixoarekin obsesionatuta dagoen narratzaile bat ageri da. Kornea arazo bategatik grisa den agurearen begi hori jasangaitza, beldurgarria egiten zaio narratzaileari. Obsesio bihurtuko da eta agurea akabatuko du. Perfekzionista, egindakoaz harro dago. Susmagarria delako polizia haren atzetik hasiko da eta bere buruan ziurtasun handia erakutsiz poliziak etxera gonbidatzen ditu, zerbait hartzera. Baina bat-batean buruan agurearen bihotz-taupadak entzuten hasiko da. Erreala edo fikzioa? Gero eta ozenago entzuten ditu eta azkenean poliziei agurea berak hil duela aitortuko die.

Poeren narrazio hori antzerkirako bakarrizketa moduan moldatu du Atx teatroak, “publikoa beldurtzeko” asmoz. Iñaki Ziarrustak jokatuko du psikopataren papera. Mugimenduen bidez adierazkortasun berezia lortzen ahalegindu da. Eszenarioan objektu bakarra, hainbat funtzio izanen dituena. Soinuak entzulea inguratu eginen du. Antzezlana bizkaiera garbi batean eginen du