Altsasuko euskalkia berreskuratzeko nahia duen taldeak Koldo Zuazo hizkuntzalaria hitzaldia ematera gonbidatu zuen. Ehundik gora pertsona elkartu ziren ostiralean Koldo Zuazoren hitzaldian. Altsasuarrak ziren gehien gehienak, bakaikuarren bat eta urdiaindarren bat baldin bazeuden ere. Bataz-besteko adina 20 urte azpitik egonen zen. Eta ordu batez Zuazok esatekoak zituenak adi-adi entzun zituzten.
Altsun mutxikan
Altsasun jolasean; euskalkiko hitzekin eta esapideekin jolasteko proposamena da. Hori da Altsun Eskuaz taldeak ostiralerako egin duen deialdia. 18:00etan Foru plazan elkartuko dira (Itsasi euskaltegian eguraldiak laguntzen ez badu). Bestalde, taldeak Altsasuko euskalkiaren hitzak ezagutarazteko hiztegi xumea argitaratu du bi astean behin.
Koldo Zuazo
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta euskalkietan aditua
Hitzaldia euskara batuaren defentsa eginez hasi duzu.
Ez euskara batuaren defentsa, hizkuntzaren defentsa baizik. Euskara batua hizkuntza horren zati bat da; oso positiboa dena, onura asko ekarri diguna, baina egokitu edo osatu egin behar dugula ikusten da. Euskara batua ez da hizkuntza osoa. Euskara batuaz aparte beste hizkera batzuk ere badaude: lagunekin gauden edo ez, gertuko jendearekin gauden edo urrunekoekin gauden, lanbideko jendearekin gauden edo ez… Norekin gauden, hizkera bat erabili behar da. Gure egoerak ere badaude: batzuetan pozik gaude, besteetan haserre, beste batzuetan triste, batzuetan maitasuna adierazi nahi dugu… Egoera bakoitzak hizkera bat eskatzen digu. Horren inportantzia agerira ekarri nahi izan dut.
Oinetako pareekin alderatu duzu.
Hori da. Zer da hobeto oinetako pare bakarra izatea edo pare asko edukitzea? Onena da pare asko edukitzea, horri esker joan ahalko garelako errekara, hondartzara, mendira, eski egitera, bizikletan ibiltzera… Hizkuntzarekin berdin gertatzen da. Zenbat eta hizkuntza zabalagoa eta zenbat eta hizkera gehiago ditugun hizkuntza horretan orduan eta egoera gehiagotan erabili ahalko dugu.
Orduan, euskara onena?
Egoera bakoitzean hari dagokiona.
Altsasuko euskara berreskuratu behar da? Edo Burundakoa?
Ematen du Burundako euskara, sei herri hauetako euskara nahiko berdina zela. Beti esaten da hitz bat eta beste modu batean esaten zela han eta hemen. Baina egitura berdina da sei herrietan. Orduan, berreskuratu beharko duguna Burundako euskara hori da.
Ahalegin partekatua sei herrietan?
Bai. Arrazoi askorengatik. Azken batean, hizkuntza bat aurrera ateratzeko zenbat eta hiztun gehiago egon hobeto delako. Bestalde, edozein ekintza egiten badugu, horrek kostu bat izanen du eta zenbat eta gehiagoren artean banatzen dugun kostu hori merkeago aterako zaigu.
Zertarako balio du euskalki batek?
Arrazoi askorengatik. Euskalkiak euskara bizia dira. Hizkuntza honi jokoa, zukua atera nahi badiogu, nora joko dugu? Liburuetara? Bai, liburuetara ere bai. Baina, batez ere, bizirik dagoen euskara horretara jo beharko dugu. Niretako hori da euskalkiek daukaten balioetako bat. Bestea, azken batean, nire kasuan eibartar egiten banau zerbaitek, hizkuntza da. Beste batek arbizuar egiten duena Arbizuko euskara da. Eta urdindar bat urdindar egiten badu, Urdiaingo euskara da.
Hizkuntzak badauka balio afektibo bat. Badu balio emozional bat. Euskalkiak ere badu balio hori. Ez dugu asko aprobetxatu balio hori. Galtzen utzi dugu. Eta behar bada hori da arrazoi bat esplikatzen duena zergatik Euskal Herriko bazter askotan euskara dakitenak asko diren eta erabiltzen dutenak gutxiago. Lortuko bagenu hizkuntzaren eta hiztunaren artean identifikazio hori egotea, nik uste gehiago erabiliko genukeela.
Hori ikusten da hemen, Altsuko gazteen artean: ausartu direla euren arteko hartu-emana euskaraz egitera. Eta badira ehun gaztetik gora elkartu direnak eta euren hartu-emana euskaraz da. Hori oso positiboa da.
Beraz, etorkizuna?
Ematen du baietz, dinamika aldatu egin dela. Aspaldiko dinamika izan zen euskara utzi eta erdara hartu. Orain ikusten dugu sektorerik inportanteena, gazteena, bertoko euskararen alde. Eta hori positiboa da.
Euskal Herrian horrelako beste esperientziarik ezagutzen duzu?
Ezagutzen dut maila partikularrean; pertsona batzuk bizi direla Gipuzkoako edo Lapurdiko ez dakit zein herritan eta herri horretako euskara ikasi dutenak, era indibidualean. Maila kolektiboan ere bai. Esaterako, Aezkoan bada talde bat. Zaraitzun joan den urtean antolatu zen ikastaro bat hango euskara berreskuratzeko. Erronkarin ere egin dira horrelako ikastaroak.
Altsasukoak daukan berezitasuna da kopurua; jende asko ari dela. Ekintza bera ez da originala, beste leku batzuetan egin delako. Hemengo berezitasuna da ehun lagunetik gora elkartu direla horretarako.
Nolakoa beharko luke berreskuratze prozesu honek? Zer aholkatzen diezu?
Zaila da aholkatzea. Azken batean heldulekuak eurek topatu behar dituzte. Hoberena da eurak ikustea nondik jo. Nik esan dudana da ez uzteko luzarorako. Pentsatzeko ondo zer egin, baina behin pentsatu eta erabaki eta gero, lehenbailehen bidean ibiltzen hastea. Beste ideia zen, gazteengandik eta Altsuko gazteengandik sortu dela ideia, baina komeni dela adineko jendea ere, jende jarria ere inplikatzea. Eta sei herrietako lagunak ere inplikatzea.
Saretzea.
Hori da. Nik uste dut Burundan horrek indarra hartzen badu, eragina eta oihartzuna izanen duela, ez dakit… ez naiz ausartzen Euskal Herri osoan, baina behintzat bai Sakanan eta behar bada Arabako gertuko alderdietan.
Helburua lorgarria da?
Dudarik gabe. Ezagutzen ditut adibide batzuk. Adibide bat Oñatikoa da.Oñati oso herri erdalduna zen lehen. Eta gaur egun Oñatiko gazteen arazoa izaten da askotan gaztelaniaz hitz egiteko gauza ez direla. Eta Oñati bezala ezagutzen dudan beste herri bat Markina da. Ez dakit zer gertatu den herri horietan. Ez da izan agintariengandik etorri den kontu bat. Herritarrengandik sortu den gauza bat izan da. Ez da hemengoren moduko iraultza, pum, bat-batean gertatu dena. Baina hor ere gertatu da. Lortu da herri nahiko erdaldunak izatetik euskaldunak izatera.
Zer sentitzen da ehun gazteren aurrean, haiek deituta, hitz egitea?
Sekulako pozak. Gainera, ni ez naiz hemengoa, baina arrotza ere ez naiz. Egon naiz Urdiainen. Beti tristura sortzen zidan, ze hemengo euskara da ezagutzen dudan bereziena. Ez da inori pelota egiteko. Bereziena da. Bereziena bere kokagune geografikoagatik gehien bat. Gipuzkoarekin eta Arabarekin egiten du muga. Araba garai batean euskalduna izan da. Orduan, hemen egiten den euskaran osagai diferente horiek ikusten dira. Oso euskara berezia da. Ikusten nuen galtzen ari zela eta horrek tristura sortzen zidan. Orain ikustea jende gaztea berriro burundar izateko gogoa daukala, ba sekulako ilusioa egiten dit.