VI. Sakana Burunda, bailarari primerako buelta bizikletan

Guaixe 2016ko eka. 3a, 14:30

Bihar abiatuko da, 8:30ean, Altsasutik. Bi aukera izango dira: ibilbide osoa, Aralarreko San Migelera itzoko dena (124 km) eta Aralarrera itzoko ez dena (100km)

Barranka Txirrindularitza Taldeak VI. Sakana Burunda txirrindularitza martxa prestatu du biharko. Helburua Sakana ezagutaraztea eta bizikletarekin egun ederra pasatzea da. Proba antolatzeko Lacunza Calor Group, Rural Kutxa, SELK, Altsasuko Udala eta hainbat komertzio eta erakunderen babesa jaso du Barranka Txirrindulari Taldeak.  

Bi ibilbide: 124 km edo 100 km
Aurreko urtean bezala, aurten ere bi ibilbide izanen dira: ohikoa, tartean Uharte Arakilgo pistatik Aralarrera igoko dena (124 km), eta laburrago bat, Aralarrera igoko ez dena (100 km). Bihar, goizeko 8:30ean Altsasuko Foru Plazatik aterako dira txirrindulari guztiak, Ziordirantz. Han buelta hartuta Urbasako Altamira portua igoko dute, Etxarriraino joateko. Han Lizarragako Katea igo, Arbizutik jaitsi, eta aurrera egingo dute, Uharte Arakileraino. Ibilbide luzea hautatu dutenek San Migeleko portua igoko dute, Baraibartik Oderitzera jo eta Madotzeko portua jaitsiz, buelta hartu eta, Urdiaindik eta San Pedrotik barna, Altsasuraino jotzeko (124 km, 2.011 metroko desnibel positiboa). Ibilbide laburra hautatzen dutenek, aldiz, Uharte Arakilera helduta Aralarrerantz jo beharrean aurrera eginen dute, Zuhatzuraino. Han buelta hartu eta Altsasuko helmugarantz joko dute, Urdiaindik eta San Pedrotik Foru plazara helduz (100 km, 1.050 m desnibel positiboa).

San Migelgo igoera, kronometratuta
VI. Sakana Burunda proba ez lehiakorra da, baina Uharte Arakildik (456,30 m) San Migelera (1216 m) bitarteko 9,4 km-ko igoera kronometratua izango da, proba ez lehiakorrari saltsa emateko. Gehienezko malda %18koa da. Aurreko edizioan 161 txirrindularik hartu zuten parte eta San Migelgo kronoigoeran azkarrena Felix Valcarce iruindarra (32:17) izan zen. Lehen edizioan Carlos Palaciosek ezarritako errekorra (30:27) ez da gainditu. Lehen sakandarra Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarra izan zen, sailkapenean hirugarrena (33:12). Guaixeko erredakzioa ixterakoan 64 txirrindulari zeuden izena emanda. Dena den, eguraldi bikaina iragarri dute eta askoz gehiago izatea espero dute.

Antolakuntzak hiru hornidura gune prestatuko ditu ibilbidean barna. Lehena San Migelen, bigarrena Ihabarren eta azkena Altsasun, helmugan, hornidura likidoa eta janariarekin.  Antolatzaileek parte-hartzaileen esku jarriko du laguntza mekanikoa, ibilbide guztian barna. Proba trafikoa zabalik dagoela gauzatuko da, San Migelgo igoera kronometratua izan ezik.

Oparia eta zozketak
Txirrindulariek oparia jasoko dute helmugara iristerakoan. Gainera, babesleek emandako opari lote sorta ederra zozketatuko da. San Migelgo kronoigoerako onenek trofeoa jasoko dute. Helmugan, guztiek bapo bazkaltzeko aukera izango dute.

Izena emateko: www.barrankatt.com
Aurrez izena emateko Barranka Txirrindulari Taldeko web orrira jo behar da. Bestela, egunean bertan galdetu daiteke, Gure Etxean, beti ere antolakuntzak jarritako 300 parte-hartzaileen muga gainditua ez badago. Probaren informazio guztia, rutometroa barne, web orrian dago ikusgai.