Bargagain dominaz lepo

Guaixe 2016ko eka. 9a, 10:30

Igandean ikasturte bukaerako erakustaldia eginen dute Zelandi kiroldegian, 12:00etan

Ikasturtea bukatzear dagoen honetan 2015-206 denboraldiko balantze positiboa egin du Bargatain Taekwondo Taldeko irakasle Gerardo Montero Riverak. Aurten 60 neska-mutiko inguru trebatzen ari dira arte martzial honetan. 2015ean 43 ziren eta 2014an 24. Gorakada handia, beraz. Taekwondoa mundu bat da, bizitzeko modu bat. Borroka baino askoz ere gehiago da. Gainontzekoekiko errespetua sustatzen duen arte martziala da. Psikomotrizitatea, diziplina, errespetua, autonomia, osasuna… horren garrantzitsuak diren baloreak lantzen ditu. “Pozik nago. Jendez betetako klaseak ematea gustatzen zait, klase dinamikoak. Gurea talde anitza da. Lehiaketetan aritzen den taldea dugu, baina baita ere soilik kirola egitera etortzen direnen taldea ere. Espainiako Txapelketetan parte hartzen hasi gara eta emaitza onekin, gainera” adierazi digu irakasleak. Esaterako, berriki kadeteetara igo den Anne Gil haur mailan lehiatu zen 2015ean eta zilarrezko domina lortu zuen Espainiako Txapelketan.

NKJ eta Nafarroako Txapelketa
Lehiaketetatik berri pozgarriak izan dituzte. Maiatzaren 28an Nafar Kirol Jolasen finalak jokatu ziren, haur mailatik junior mailara. “Oso ongi ibili ginen. Lehiaketa taldean 14 kide ditugu eta 13 ibili ziren finaletan. Nazionalerako sailkatu ziren asko. Kadeteen mailan, taldeka, bigarrena sailkatu zen Bargagain” nabarmendu du Monterok. Horretaz gain, ekainaren 4an Nafarroako 21 urtez azpiko Txapelketa jokatu zen Garesen. Lidia Martin bere mailan lehena sailkatu zen eta Sheila hirugarrena. Horretaz gain, Aitziber Bergera bigarrena sailkatu zen bere mailan, eta Irati Irigoien hirugarrena. “Eta taldekako txapelketan, emakumezkoetan, Bargagain bigarrena izan zen” gaineratu du Monterok. Horretaz gain, igandean Iruñeko Tenis Klubean taldeko txikienak aritu ziren, borroka erakustaldi batean.



Igandean erakustaldia
Igandean Bargagaingo ikasleek erakustaldia egingo dute Altsasuko Zelandi kiroldegian, 12:00etan. Urtean zehar ikasitakoa erakusteko erakusleihoa izango da. Gerardo Montero irakaslea ere lanean ikusteko aukera izango dugu.
Hurrengo ikasturterako matrikulazio epea zabalik dagoela gogorarazi dute Bargagain klubekoek, eta bertan aritu nahi duten neska-mutil guztiendako ateak irekita daudela.