Bisonteen aukera mahai gainean

Guaixe 2016ko eka. 9a, 19:35
Beatriz Fernandez, Bittor Ruiz, Juanma Galan, Saioa Lizarraga (logotipoaren egilea) eta Marcos Alvarez. Argazkia: Nerea Mazkiaran.

Desagertze arriskuan dagoen animalia sartuz, zeharka tokiko ekonomiari bultzada eman nahi dion elkartea sortu berri da. Altsasun bost animalia ekarri nahi lituzkete.

Erkuden, Europar Bisontearen Nafarroako elkartea 13 altsasuarren ekimenez sortu berri da. Bere helburua Nafarroan berriro Europar bisontea sartzea da. Animalia hori ez desagertzeko espezieko zenbait ale Altsasura ekarri nahi dituzte, bertan hazteko. Egitasmoa gauzatuko balitz, elkarteko kide Marcos Alvarez Basartek esan digunez, Altsasuk “ikusgarritasuna irabaziko luke. Bisonteak ikusteko bisitak antolatuko lirateke. Bide batez, gure basoa erakutsiko genuke, herrian dugun aberastasun handiena eta ustiatzen ez duguna da. Europar bisontearekin lotutako produktuak ekoiztuko lirateke. Horrek guztiak turismoa sustatuko luke eta, horren ondorioz, enplegua sor lezake. Ekarpen positiboak egiten dituela uste dugu. Gauza askotarako bidea da”.  

Laukorik ez zela inbertitu beharko ere gaztigatu du Alvarezek. Izan ere, europar bisontea berreskuratzeko gastu guztia diruz lagunduta dago: “Europako Batasunaren Life programaren bidez %75 ordaintzen du eta gainontzekoa Poloniako Gobernuak, bisonte guztiak handik heldu baitira.” Animalia bakoitzak 10.000 euro balio ditu. Itxitura eta garraioa da egin beharko litzatekeen gastua. Estatuan europar bisontea hazteko erreserba txikiak sortu dira Burgosen, Kantabrian, Leonen eta Valentzian.

Europar bisontea hariztiak eta pagadiak ditu bizileku. Elkarteko kideek teknikariak kontsultatu dituzte eta Altsasu espeziearendako “toki ideala” dela azaldu diete, “basoa, ura, dituelako, klima egokia delako eta espazioa dagoelako. Gipuzkoarekin mugan soilik 800 baso hektarea ditugu. Askatu eta elikatu eginen litzatekeen animalia basati bat da”. Elkarteak 30 hektarearekin nahikoa luke. Tokia ere begiz jota dute, Aitzkibelen atzean dagoen ibar itxia. “Lazaro Etxeberriaren harrobiaren atzeko aldean”. Asmoa litzateke han lau eme eta ar bat askatzea. “Itxitura, artzain-kable batekin nahikoa da, animaliak ez ateratzeko litzateke, jendeak berdin-berdin sartzen segituko luke”. Baina tokia ere ez luke zergatik finkoa izan beharko, mintegiak sortzeko basozainek itxiturak egin beharko balituzte beste toki batera mugituko lituzkete. “Bisonteak basoko sasiak garbitu eta animalia gehiago erakartzen ditu” gaineratu dute elkartetik.

Erkuden elkarteak bere egitasmoaren berri udalari aurkeztu dio eta hark Cederna-Garalurrekin harremanetan jarri zituen. Bestalde, mikologia, mendizale eta ehiztari elkarteko kideekin ere harremanetan izan dira. Azken horiek ez beste guztiek arazorik ez zegoela esan diete. Erkuden elkartetik azaldu digutenez, ehiztari elkarteak oniritzia eman arte ezin dute ezer gehiago egin.

Europear bisonteaz
Agiriak diotenez, espezie horretako penintsulako azken alea Nafarroan ehizatua izan zen, XIII. mendean. Batzuk diote itzulpenean okertu eta bisontea beharrean uroa zela. Hala ere, makina bat haitzuloetan bisonteen irudiak margotuak ageri dira, hemen izan zirenaren seinale. “Beraz, ez da espezie exotikoa” diote elkartetik. Desagertzeko arrazoiez galdetuta “basoen galera” eta animalia beraren izaera aipatu digute: “oso mantsoa da, nolabait esatearren, animalia tontoa edo baldarra da, ehizatzen erraza eta jaki asko ematen ditu.” Pertsonen kontrako erasoen berri ez dago, “ez da arriskutsua. Baina animalia handia da, harritu egiten du.”

Europar bisontearen azken alea 1927an ehizatu zuten, Kaukason. Espeziea desagertutzat jo zuten, harik eta zoologiko batzuetan europar bisonte batzuk gelditzen zirela jabetu ziren arte. “Odolkidetasuna eragozteko, kontu handiz gurutzatzen hasi ziren eta joan den mendeko 50eko hamarkadan Poloniako Podlaquiako Bialowieza basoan dozena bat askatu zituzten”. Gaur egun 4.000 eta 4.500 europar bisonte daude. Elkartetik gaztigatu dutenez, “10.000tik ez bada pasatzen desagertzeko arriskuan dauden arrazen artean mantentzen da.” Odolkidetasun kasurik ez izateko Europako elkarteak jarraipena egiten du. Toki batean animalia asko daudenean beste toki batera eramaten dituzte.



Elkarteaz

Nafarroa guztia hartzen duen elkartea sortu dute. Espainiako bat dago. “Harekin elkarlanean aritu nahi dugu. Federala izatea. Baina independentzia gehiago izateko Nafarroarako propio elkartea osatzea erabaki dugu. Hego Euskal Herrikoa egiteko aukera aztertu genuen baina erregistroan zabaltzak zituzten eta Nafarroakoarekin aurrera egitea erabaki genuen”. Elkarte sortu berriko Marcos Alvarez Basarten azalpenak dira. “Elkarteari Erkuden izena eman diogu, herrikoa bertakoa, Altsasu identifikatuko duena”.

Sare sozialetan bazebiltzan, baina joan den astean Diario de Noticiasek euren berri eman duenez geroztik hedabide baten eta bestearen deiak jaso dituzte. Gainera, Senegaldik, Argentinatik, Nafarroako herri guztietatik babesa azaldu diete. Elkarteko kideak beste herrietan bisonteak ezartzeko nahia duten pertsonei eta erakundeei laguntzeko asmoa azaldu dute. Lehenik, Altsasun jarri nahiko lukete, baina dagoeneko, informazio eskaerak jaso dituzte.  

Harremanetarako
bisontena@gmail.com
Facebook