Altsasu bikerren topaleku

Guaixe 2016ko eka. 10a, 13:01

Altsasuko BTT Zeharkaldiaren 21. edizioa antolatuko du Barranka Txirrindulari Taldeak igandean, 9:00etan. Bi ibilbide daude aukeran: luzea, 46 km-koa eta laburra, 34 km-koa

Barranka Txirrindulari Taldeak antolatuta, igandean jokatuko da 21. Altsasu BTT Zeharkaldiak. Taldeak Altsasuko Udalaren laguntza izan du eta Nafarroako Rural Kutxa, Selk, Sakana Optika, Nafarroako Gobernua, Diario de Noticias eta Iruña Comunicación Textil dira probako babesle nagusiak, beste hainbat babeslerekin batera. Txirrindularitza egutegian izen handia du Altsasuko proba ez lehiakorrak, eta antolakuntzak parte hartze handia espero du iganderako, 500-600 pertsonen ingurukoa. Izan ere, Euskal Herriko egutegian finkatuta dagoen proba da, Nafarroako probetan zaharrena. Helburua, betiko moduan, gure eskualdea erakustea eta gure paisaietan bizikletarekin disfrutatzea da. “Etortzen denak disfrutatzea, hori da nahi duguna. Normalean gure ibilbideak gustatzen zaizkie eta etortzen dena pozik doa” adierazi du antolakuntzako Julian Claver

Izena ematea zabalik
Altsasuko BTT Zeharkaldirako gaur, ekainaren 10eko 12:00ak arte eman daiteke izena www.barrankatt.com web gunean (federatuek 18 euro, federatu gabekoek 22 euro, Barrankako bazkide federatuek 8 euro eta Barrankako bazkide ez federatuek 12 euro). Bestela, bihar, probaren egunean, 7:45etik 8:55era arte egin daiteke inskripzioa, Foru plazan. Guaixeko erredakzioa ixterako orduan 374 biker zeuden izena emanda. Aurreko urtean 451 txirrindulari aritu ziren.

Bi aukera: 46 km eta 34 km
Bikerrek bi aukera dituzte: ibilbide luzea (47 km, 980 m desnibela) eta laburra (34 km, 550 m desnibela). Antolakuntzatik adierazi dutenez, ibilbidean berrikuntzak egongo dira. Txirrindulari guztiak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik. San Pedrotik barna Larrasoleko azpialdera igoko dira, eta autobia azpiko pasabidetik, Lekuonatik, toboganetako pista hartuko dute, Sorozarretara heltzeko. Hortik, Orobera iritsiko dira, eta handik Urdalurrera. Hemen bi ibilbideak banatuko dira. Ibilbide luzekoek 10 km inguruko buelta bat emango dute, Irumugarantz joko baitute. Handik jaitsi egingo dira Beundara igotzeko. Bertan egongo da hornidura gune nagusia. Ibilbide motzekoak, aldiz, Urdalurretik zuzenean Beundara joango dira, 200 metro ibilita. Beundatik aurrera elkarrekin ariko dira bi ibilbideak. Txurrukopuntatik jaitsiera berezia egingo dute guztiek. “Orain arte ez gara inoiz bertatik jaitsi. Kilometro t´erdi inguruko jaitsiera da, Urdalur urtegiko errepidera jaisten dena. Ziurrenik bikerrei izugarri gustatuko zaie” adierazi du Claverrek. Hortik aurrera Orobera sartuko dira –hornidura likidoa izango da bertan–, eta Zaparditik Cementos Portlanden atzealdera aterako dira. Buelta hartu eta Ameztiatik Geltoki auzora iritsiko dira, San Juan kaletik Foru Plazako helmugara joateko.

Proban parte hartzera animatu dute
Antolatzaileek Altsasu BTT zeharkaldian parte-hartzera animatu dituzte sakandarrak, “ibilbidea ederra delako, pribilegiatua. Urtero ibilbidean berrikuntzak sartzen saiatzen gara, ibilbidea aldatzen, jendea ez aspertzeko. Eta biker guztiek eskertzen dute hori”. Dena ongi ateratzeko egunean bertan 100 pertsona inguruk egingo dute lan. Antolakuntzak guztia antolatu ahal izateko babesleen laguntza eskertu du.

Opariak eta giro ona
Izena ematen duten txirrindulariek hurrengo opariak jasoko dituzte: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako patea, Lacturale esne litroa eta Agrozumos etxeko produktua. Horretaz aparte, hainbat sari zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean.