Sindikatutako jubilatuen batzarra

Guaixe 2016ko eka. 9a, 18:36

LABeko jubilatu eta pentsiodunen Hego Euskal Herriko arloak Altsasu aukeratu du ikasturte akaberako batzarra egiteko. Egindako jardunaren errepasoa eta aurrera begirako erronkak zehaztu ditu LABeko arlo horrek: gizarte justizia aldarrikatzea, osasun berrordainketaren kontra egitea, pentsio duinak jasotzea, bizitza duinerako eskubidea aldarrikatzea, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna eta beste hainbat. Aldarrikapen horiek gauzatzeko Euskal Herrian eta Europan lan eginen du LABen jubilatu eta pentsiodunen arloa. Izan ere, Munduko Sindikatu Federazioaren barruan jubilatuen eta pentsiodunen saila sortu zen 2014an eta orduz geroztik kide da LAB.

Sindikatuko arloak LABeko militante eta afiliatuei dei egin die behin jubilatu ondoren “beste modu batean parte hartzen segitzeko klase eta herri gisa ditugun aldarrikapen ugarietan. Jubilazioarekin ez da ezer bukatzen, aukera eta borroka molde berriak sortzen dira, beste aldarrikapen batzuk, eta, horretarako, denak gara beharrezko.”

Hitzaldia
Bizitza akaberako erabakiak. Izenburu hori duen hitzaldia antolatu du LABek heldu den asteazkenerako, 19:00etan, Gure Etxea eraikinean. Soco Lizarraga, Duin Hiltzeko Eskubidearen aldeko Nafarroako elkarteko kidea, eta Idoia Abinzano, Altsasuko osasun etxeko gizarte langilea, testamentu bitalaz, heriotza duinaz, sedazio aringarriaz, lagundutako suizidioaz, eutanasiaz eta bestez ariko dira.