Kurdistango lehen eskuko berri

Guaixe 2016ko eka. 10a, 11:54

Larunbatean 19:30ean Altsasuko Iortia kultur gunean dokumentala eta ondoren Ali Can zuzendariarekin solasaldia.

Askapenak antolatuta Solo los muertos vuelven a casa dokumentala ikusteko aukera izanen da. “Turkian dagoen erresistentzia kurduaren erretratuak” jasotzen ditu lanak. Europak milioi bat exiliatu kurdu ditu; haietako asko preso sartuko zituztelako Turkiara bueltatu ezin duten errefuxiatu politikoak. Europako herrialde askotan ere gerrilari kurduak terroristatzat dituzte eta haien atzetik dabiltza. Askapenaren bidez proiektatuko den dokumentalean exiliatu horietako batzuen berri ematen da eta haiek bisitatu ezin duten Kurdistango tokietara eramaten du ikuslea.

Kurduek “Turkiako estatuaren kontrako politika autoritarioari egindako erresistentzia” erakusten du. Esaterako: Nusayingo alkatea, bozen %80arekin aukeratua izan zena, eta poliziaren eta gobernuaren etengabeko presioak dituenak; Pozantiko espetxean haur eta gazteen kontrako tortura sistematikoa agerian utzi zuen kazetaria; Parisen 2013ko ilbeltzean eraildako hiru emakume ekintzaile kurduen hilobira bisita… “Horretan guztian, askapen mugimenduarekin egiten dugu topo, zeinaren oinarrian ideal demokratikoak, multi-etnikoak, feministak eta kurduen kulturaren eta hizkuntzaren defentsa baitaude.

Zuzendariak
Dokumentala Tina Leisch (zuzendaria eta ekintzailea) eta Ali Can (kazetaria eta politikoa) zuzendarien lana da. Lehenak, Ganster girls filmarekin aitortza jaso zuen Vienan, 2008an. Bere azken filam, Roque Dalton, ¡Fusilemos la noche! 40 zinema jaialditan izan da eta Austingo (Texas/AEB) nazioarteko zinema jaialdian eta Madrilgo Ojo Cojo jaialdian saritua izan zen. Altsasun Ali Can izanen da. Urteak daramatza kurduen erresistentziako Özgür Politika aldizkarian idazten. Aldizkaria hainbatetan Turkian debekatua izan da. Errefuxiatu politikoa, ezin du Turkiara bueltatu. Zenbait urtez Austrian dauden elkarte kurdu guztien erakundeko presidentea izan zen.

Fitxa
Dokumentala, Austria/Kurdistan 2015, 81 minutu
Kontzeptua & Zuzendaritza: Tina Leisch & Ali Can
Argazkia: Tina Leisch
Muntaia: Karina Ressler & Ali Can & Tina Leisch
Soinua: Piran Baydemir & Vinzenz Schwab & Lenka Mikulova
Edizioa & Soinu diseinua: Vinzenz Schwab
Ekoizpen zuzendaritza: Sahin Okay & Özge Tas
Ekoizpena: KINOKI