598 biker Altsasuko BTT festan

Guaixe 2016ko eka. 13a, 13:02

Bikain atera zen eguna baina bukaera aldera bihotzekoa izan zuen biker gipuzkoar batek eta helikopteroz eraman behar izan zuten ospitalera

Barranka Txirrindulari Taldeak antolatutako 21. Altsasu BTT Zeharkaldia igandean jokatu zen. Txirrindularitza festa handia bilakatzen ari zen eguna, baina, tamalez, 50 urte inguruko biker gipuzkoar batek bihotzekoa izan zuen proba bukatzear zuenean, 44. kilometroan, Orobe harrobitik gertu. Gertu zeuden txirrindulariak, Gurutze Gorriko sokorristek eta DYAko anbulantzia medikalizatuak artatu eta gero, estabilizatuta zegoenean Nafarroako Ospitaleko helikoptero batek Nafarroako Ospitalera eraman zuen gizona. Bere osasun egoera nolakoa den ez dago esaterik, ospitaletik familia ez den inori ez baitiote informazio hori ematen.

Barranka Txirrindulari Taldeko Julian Claverrek adierazi digunez, “gertaera mingarri horretaz aparte guztia bikain atera zen. Orain arte 21 urte hauetan ohiko kolpe eta hausturetatik aparte ez da ezer larririk gertatu eta aurten hau… Badakizu, nahiz eta jakin halako gauzak ez direla antolakuntzaren errua, beti arantza hori gelditzen zaizu”. Jakina, gipuzkoarrari hoberena opa dio Barrankak. “Ea hau guztia ongi bukatzen den”.

Altsasuko BTT Zeharkaldiari dagokionez, Claverrek aipatu digu antolakuntza aldetik hornidurarekin fin ibili zirela. “Oso zaila da zenbat pertsona aritu behar diren kontrolatzea. Guk 600 pertsonendako opariak genituen, kirol kamiseta teknikoa, Laket txistorra, Katealde patea, Lacturale esne litroa eta Agrozumos etxeko produktua. Eta pentsa, 598 bikerrek eman zuten izena. Guztiek jaso zuten, beraz, oparia eta horretaz gain hainbat sari zozketatu genituen denen artean” gaineratu du Claverrek.

Ibilbideari dagokionez, bi aukera zeuden: luzea, 47 km-koa eta motza, 34 km-koa. Urdalurrera arte bi ibilbideak bat egin zuten. Han, luzea hautatu zutenek Irumugaraino jo zuten, Beunderaino iristeko. Eta motzekoak, aldiz, Urdalurretik Beundera joan ziren zuzenean. Beunden hornidura gune nagusia zegoen eta hortik aurrera bi ibilbideek batera jarraitu zuten, Txurrukopuntara. “Tarte berria zen hori, orain arte jaitsi gabekoa. Eta izugarri gustatu zitzaien bikerrei. Gainera eguraldiak lagundu zuen eta egun zoragarria pasatu zuten”.

Bestalde, aipatzekoa da Ekhi Congil etxarriarrak monozikloz osatu zuela ibilbidea. Asko gozatu zuela nabarmendu zuen. Hori da, hain zuzen, helburua, gurpil gainean gure paraje zoragarrietan disfrutatzea. Guztia ongi ateratzeko Barranka Txirrindularitza Taldearen esanetara 100 pertsona inguru aritu ziren lanean.