Udalaren Berdintasun Plana parte-hartze prozesuaren bidez osatuko da

Guaixe 2016ko eka. 17a, 08:52

Batzordean ordezkatuta dauden lau alderdietako kideak.

Astelehenetik aurrera planaren zirriborroa udalaren web orrian izanen da. Ekarpenak garilaren 8ra arte egin daitezke berdintasuna@altsasu.net e-postaren bidez

Altsasuko Udalaren Emakumearen eta Berdintasun Batzordeak 2016-2019 aldirako emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako jarduera planaren zirriborroa adostu du. Baina altsasuarren ekarpenekin aberastu nahi du. Horregatik, gaur hasi eta garilaren 8ra bitartean parte hartze prozesua martxan jarri du. Batzordearen asmoa da jasotako ekarpenak planari gehitzea, garileko udal bilkuran onartu eta udazkenerako plana indarrean egon dadin.

Batzordeak ekarpenak jasotzeko lau talderengana joko du, haiei zirriborroa eman, bilerak egin eta ekarpenak jasotzeko. Lehenik, udal bertako eta bere menpeko erakundeetako teknikariekin bilduko dira. Bigarrenik, Altsasun lan egiten duten taldeekin. Emakumeen arloan lan egiten duten taldeen iritzia kontuan izanen dute ere. Azkenik, edozein altsasuarrek bere ekarpena egiteko aukera izanen du. Planari buruzko informazio zehatzagoa nahi duenak asteartean, 11:00etan, edo hilaren 27an, astelehenean, 17:00etan, berdintasun teknikariak Gure Etxea eraikineko 1. solairuan duen bulegotik pasa daiteke.

Ildoak
Nafarroako berdintasun teknikariek, Nafarroako Gobernuaren Berdintasunerako Institutuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak udaletako berdintasun planak egiteko 2014an adostutako plangintzan oinarrituta dago Altsasun onartutako zirriborroa. Berdintasuna lortzeko bost ildo estrategiko zehaztu dituzte. Lehenik etxera begira jarri dira: emakumezkoen eta gizonezkoen aukera berdintasuna udal administrazioan zehar lerroa izanen da. Bigarrenik, Emakumeenganako indarkeriaren kontrako prebentzioan eta ezabatzean lan eginen da. Horrekin batera, emakumezkoak lan arloan guztiz integratzeko eta garatzeko ildoa zehaztu da. Baita ezagutzaren eta informazioaren kultura ez sexista baten eraikuntzan ere. Azkenik, emakumezkoen hiritartasun osoa bermatzeko erabakiguneetan egotea eta baliabideak erabiltzea sustatuko dute.

Udal barrura begira, besteak beste, aurreikusten diren jardueretakoak dira: Berdintasunerako Lantaldea sortzea, talde politikoekin urtero bi lan saio egitea, genero ikuspegia udal sailetan zein egoeratan dagoen aztertzea, diagnosia egitea, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako ordenantza onartzea edo garapen arloan genero ikuspegia txertatzea. Indarkeria sexistaren kontrako hainbat neurri jaso dira zirriborroan: emakumeenganako indarkeriaren kontrako koordinazio taldea sortzea, indarkeria jasan duten emakumeei arreta integrala emanen dien zerbitzua ezartzea, emakumeei etengabe dituzten baliabideen berri ematea, emakumeenganako indarkeria izaten denerako protokoloa onartzea eta ikastetxeetan sexu indarkeriaren prebentziorako programa garatzea.

Emakumeak lan munduan sartu ahal izateko kontziliaziorako tokiko ituna indartu eta jarduera programa adostea aurreikusten da. Aldi berean, kontziliazio eskaerak erantzuteko udal zerbitzuak egokitzea ere nahi dute. Emakumezkoen erabateko hiritartasuna sustatzeko banakako eta taldekako ahalduntzea sustatzeko programa onartuko da. Emakumezkoendako aholkularitza juridikoa mantentzearekin batera, udalaren berdintasun zerbitzua altsasuarrak arlo horretan erakunde aholku emaile gisa identifikatzeko lana eginen da.

%60,78
Hori da aurreko berdintasun planaren betetzea maila. 102 jarduera aurreikusten ziren eta 62 egin ziren. Neurri batean garatu ziren jarduerak 16 izan ziren (%15,68). Azkenik, 24 jarduera egin gabe gelditu ziren (%23,52). Plan berriaren zirriborroan egin ez ziren jarduerak egokituta jaso dira. Baita aurreko planaren 2014ko ebaluazioan sortutako proposamenak ere.


Planaren osaketan parte hartuko duten udal teknikariak
Idazkaritza, hirigintzako aparejadorea, kontu hartzailea, lanen zerbitzua, udaltzainak, kultur teknikaria, gazteria teknikaria, kirol teknikaria, ludoteka, liburutegia, musika eskola, Txirrinbulo haurtzaindegia, Aita Barandiaran egoitza, Atabo eta gizarte zerbitzuen mankomunitatea.


Plana osatzeko bilerara deituko diren erakundeak
Enplegu bulegoa, Sakanako Enpresarien Elkartea, CCOO, ELA, LAB, UGT, Zelandi eskola, Zelandiko guraso elkartea, Iñigo Aritza ikastola, Iñigo Aritza ikastolako guraso elkartea, Altsasu BHI, Altsasu BHIko guraso elkartea, Sakana LHI, Sagrado Corazon ikastetxea,  Sagrado Corazon ikastetxeko guraso elkartea, Txirinbulo haur eskolako guraso elkartea, osasun etxea, Cederna-Garalur, Sakanako Garapen Agentzia, Sakana Garatzen, Foruzaingoa, Udaltzaingoa eta Helduen Etengabeko Prestakuntza.


Kronologia
2008ko apirilaren 7an Udalak Emakumezkoen eta gizonezkoen aukera berdintasunerako Altsasuko aurreneko plana onartu zuen, 2008-2011 aldirako.
2012 Aurreko planaren ebaluazioa egin zen, orain aurkezten den planaren oinarria dena.
2016 Batzordeak planaren zirriborroa egin eta adostu zuen, parte hartze prozesua martxan jarriz.