Zinemako soinu bandez osatutako kontzertua

Guaixe 2016ko eka. 17a, 09:38

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean

Erkudengo Ama abesbatzak pelikuletako soinu bandez osatutako errepertorioarekin heldu zaigu oraingoan. Pantaila handian irudiak laguntzen entzundako soinu banden zatiak osatuko dute biharko eskaintza, esaterako, Candilejas, Los Miserables, La Misión, Los Chicos del Coro, Sobre el Arco Iris, El Enemigo Público nº 1 eta beste film batzuetako kantuak abestuko ditu.

Biharko emanaldian Erkudengo Ama abesbatza ez da bakarrik ariko. Alde batetik, Altsasuko Udal Musika eta Dantza Eskolako abesbatzako ikasle batzuen laguntza izanen du bi kantutan. Bestetik, bi kantetan Iskiza gimnasia erritmikoko talde bat ariko da. Azkenik, aipatu eskolako perkusio ikasle den Hodei Alegrek beste kantu batean lagunduko du abesbatza. Kantuak irudiez lagunduta joanen dira eta irudi-jartzaile lanetan Aitor Beramendi ariko da.

Koral altsasuarrak, aldez aurretik, laguntzaile guztien “laguntza bikaina” eskertu du. Kontzertua “erronka” dela aitortu dute abesbatzatik, “ azken hilabete hauetan nahiko lanpeturik egon garela kontuan izanik, errepertorioa osatzen duten abesti zail batzuk ikasten ahalegindu gara.” Ahalegin horren emaitzaz gozatzera gonbidatu dituzte altsasuarrak.