Txaston taldea musika emanaldia eskaintzekoa zen bihar Altsasun, Urtzi tabernaren kanpoaldean, baina eguraldi iragarpenagatik, bertan behera gelditu da kontzertua eta uztailaren 23ra atzeratu dute.
Atzera begira
Batxilergo Balioaniztun Bateratuko (BUP gazteleraz) ikasleen txango batean sortu zen Txaston taldea 1982an. Hasierako kideak honakoak ziren: Juan Velez (gitarra), Javier Del Rio (baxua), Roberto Cristobal (bateria), Mari Jose Gil (ahotsa), Iñaki Erbiti (teklatua) eta Patxi Artigas (gitarra). Udaletxe zaharrean hasi ziren entseatzen, gaur egun Udaltzaingoaren egoitza den horretan. Ilusioz eta gurasoen laguntzaz, horrela lortu zuten aurreneko ekipoa, hasi ziren. Taldeak bidea egin zuenean Arnanz beiragileak Gasteizko errepidean zuen lokal batean entseatzen zuen.
Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea kultura zuzendaritzaren laguntzaz 1983 aldera herrialdean barna herrietako festak euren doinuekin (korridak, kalejirak eta kantu asko euskaraz) alaitzen hasi ziren. Berbena bakoitzeko 50.000 pezeta jasotzen zituzten orduan. Bestelako emanaldiak ere eskaini zituzten gobernuaren bidez: Erriberriko gazteluaren barruan edo Lekunberriko eta beste herrietako pilotalekuen mustutzen ekitaldietan. Hego Euskal Herrian barna aritu zen Txaston. 1985ean soldaduskagatik urteko etenaldia egin zuten.
1986an Txastongo kideak profesionalki musikan aritu ziren. Musikaz bizitzeko ahalegin horrek ez zuen aurrera egin eta irailean kide batzuk taldea utzi zuten. Roberto Cristobal eta Patxi Artigasek talderako kide berriak hartu zituzten. Gaur egun bikotearekin batera Longi Andueza (gitarra), Luis Fernando Andueza (baxua) eta Juanjo Mintegi (teklatua) ari dira. 29 urte daramate Arbizuko Izarra jatetxeko ezkontzetan jotzen.