SAN JUANAK 2016

Bi eguneko ospakizunak

Guaixe 2016ko eka. 23a, 11:36

San Juan ermitako elizkizunaren ondoren sua eta etxajuak piztuko dira. Azken horiek herrian barna gainontzeko suak pizteko deia izanen da. Altsasuko Udaletik sua pizteko zenbait gomendio eman dituzte. Aurrena, zorua babesteko, ezinbestekoa da harea geruza lodia lurrean zabaltzea eta haren gainean sua egitea. Udalak harean denen eskura honako tokietan jarriko du: Pilotajauku, Amandrea (hilerria), Zubeztia, Zelai (Caixa zegoen tokia eta sutegia), Intxaurrondo (Eroski), Idertzagain (Xagu), Amaia (errotonda),  Zumalakarregi eta Iortia (kultur gunea). Bestalde, sua pizteko basotik egurra hartu nahi dutenei botatako zuhaitz adarrak eta sasiak hartzeko aholkatu die; “lehorrak daude eta hobeki hartzen dute su.”

San Juan egunean, ostiralean, ohitura da goizean goiz iratzeak moztea eta etxeetako ezkaratzean jartzea. Etxea babesteko ohitura altsasuarra mantentzeko deia egin du udalak. Bestetik, goiz horretan balkoi batean baino gehiagotan abardiak agertuko dira. Maite diren pertsonen etxeen balkoian lizar adarrak jarriko dira. Gogoko ez direnen etxeetan, berriz, makalak. Ohitura gorde eta sustatzeko udalak, atzera ere, lehiaketa antolatu du. Abardia jarri dutenek argazkia atera eta iortia@altsasu.net helbidera bidali beharko dute hilaren 27a baino lehen. Saria: festetako herri bazkarian lau pertsonendako txartel bana. Parte-hartzaile guztiek sariak izanen dituzte.

Egubera
Udako solstizioa ospatuko du, atzera ere, Egubera taldeak. Haiek diotenez, “Marik liluratzen gaitu, sorginek duten sortzeko indarra miresten dugu. Gurera eguzkiaren aroa.” Gaur hitzordua 19:30ean jarri dute Foru plazan. Su piztearekin batera, auzatea, dantzak eta musika iragarri dituzte.


Egitaraua
Garagarrilak 23, osteguna
17:30ean Txupinazoa San Joan Plazan trikitilariek lagunduta.
    Dabitxi zirkuaren emanaldia eta haurrentzako sorpresak San Joan kalean.
18:45ean Txokolate-jana Beti Jai bikoteak girotua.
19:30ean Udalbatza, Altsasuko Txistulariekin batera, udaletxetik San Joango ermitara abiatuko da.
    Udako solstizioa ospatzeko festa Foruen Plazan. Egutera Taldeak antolatua.
20:00etan Auzatea.
20:30ean Festaren hasiera: San Joango ermitan sua piztea.
    Herriko suak pizteko txupin iragarlea.
    Kalejira eta auzatea Foru Plazaraino.
21:30ean Beti Jai bikoteak eta Txorongo txarangak suak dauden kaleak girotuko ditu gauean zehar.
23:00etatik 2:00etara Dantzaldia Txiki Band taldearekin, San Joan kalean.

Garagarrilak 24,ostirala
20:00etan Zortzikoa Altsasuko Txistulariekin eta auzatea Foru Plazan.
    Meriendak.
23:00etan Dantzaldia Haize Berriak bandarekin, Foru Plazan.