Udalak 350.000 euro inbertsioetarako bideratu ditu

Guaixe 2016ko eka. 24a, 11:29
Bi emakume Zumalakarregi plazarantz, zebrabide berriak zeharkatu ondoren.

Ostegunean egindako bilkuran Altsasuko Udalak diruzaintzako gerakinean dauden 1.895.417,15 euroetatik 349.995,21 euro hainbat lan egitera bideratzea erabaki zuen aho batez. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, aurki udalak inbertsio gehiago egiteko erabakia hartuko du. Estatuko Gobernuak ezarritako mugengatik, udalak aurreikusitako lan guztiek urtea bukatu aurretik despedituak egon beharko dute.

Energiarekin loturiko bi lan eginen ditu udalak. Alde batetik, igerileku estaliko eguzki plakak konponduko dira horrela gas kontsumoa %37 murrizteko. Lanak hartzen dituen enpresak 37.300 euro jasoko ditu. Bestetik, udaletxeko berogailua konponduko da. 1.987ko azpiegiturak akats ugari ditu eta udaleko lanen brigadak konponduko du. 12.400 euro bideratuko dira horretarako. Bestalde, asfaltatze eta zebrabide goratuak egiteko 78.563 euroko inbertsioa eginen du udalak.

Haurrendako jolas parkeak konpondu eta osatzeko 24.200 euro bideratuko ditu udalak. Haietatik 14.520 euro Baratzeko Bidekora bideratuko dira. 9.680 euro, berriz, Otadiko parkerako izanen dira. Bi parkeetan bina zabu eta txirrista bana jarriko dira. Udalak, aldi berean, Zumalakarregi plazako jolas parkea konponduko du. Plaza horretako zorua eta sareak berritzeko diru-laguntza eskatu behar denez, beste jolas parke batez ordezkatzea baztertu da.

Bestetik, udalaren lan brigadak bi lan gehiago izanen ditu. Alde batetik, Burunda pilotalekuko zeharraldeko fatxada aldatuko dute. Materialak aldatu eta porlanarekin eta pinturarekin ordezkatuko dute. Fantxadaren mantentze lanak merkeago izateko udalak 1.020 euro bideratuko ditu. Gainera, udaleko langileek Aita Barandiaran adinduen egoitzako ondoan barandila kendu eta berri bat jarriko dute. Lan horrek 5.225 euroko balioa izanen du. Azkenik, basoan egin beharreko inbertsioei dagokionez, 70.526,78 euro bideratuko dira 2014-2023 Altsasu Baso Planean jasotako lanak egiteko. Zehazki, Balankalekuko eta Ulaiargoitzeko pistak konponduko dira.

Kaleetako lanak
Non Zer Dirua Zeinek
Urbasa kaleko espaloia 2-12 Espaloia berritu eta zabaldu 22800 Enpresa batek
Otadiko Kristo Deuna plaza Zorua hormigoizko batez ordezkatu 9300 Udalaren lanen brigada
Zelai kalea Zebrabideak konpondu 6800 Udalaren lanen brigada
Beheko benta, Bakea, Galtzada,      
Auzobide-Solana eta Felix Arano Abiadura murriztekoak jartzea 7560 Udalaren lanen brigada
Pilotajauku Asfaltatzea eta zebrabide goratuak 18775 Enpresa batek
Gartzia Ximenez-Beheko benta Asfaltatzea 4970 Enpresa batek
Geltoki kalea Asfaltatzea 2577 Enpresa batek
Gipuzkoa kaleko aparkalekua Asfaltatzea 4555 Enpresa batek
Institutu arteko bideko zubia Asfaltatzea 1960 Enpresa batek
Larrainbide Asfaltatzea 935 Enpresa batek
Ibarmusu Asfaltatzea 4855 Enpresa batek
       
Etorkizunean egitekoak      
Beikolar auzoa Asfaltatzea 4830 Enpresa batek
Cava bidea Asfaltatzea eta zebrabide goratuak 6500 Enpresa batek
Ondarria industrialdea Asfaltatzea eta zebrabide goratuak 6236 Enpresa batek
Gartzia Ximenez Zebrabide goratua kentzea eta berria egin 6385 Enpresa batek

 

730.085,05 euro
Oraingo 349.995,21 euroko inbertsioei aurtengo aurrekontuetan jasotako 380.089,84 euroko inbertsioak gehitu behar zaizkie.