Altsasuarren egun handia

Guaixe 2016ko eka. 29a, 08:03

Gaur, San Pedro egunarekin, altsasuarren bilgune bihurtuko da, atzera ere, San Pedro zelaiko hariztia. Goizter abiatuko dira altsasuarrak mahaiak eta aulkiak jartzera eta gosaria prestatzeko sua egitera. Udala 10:00etan abiatuko da basora, Altsasuko txistulariak lagun dituela. Segizioa San Pedro zelaira iristen denerako, 10:30ean, ibilgailuendako sarrera mugatu eginen da eta basoko festa gunera joan nahi duenak Urdiaingo bidea erabili beharko du. Mugikortasun mugatua duten pertsonendako eginen da salbuespena.

Behin udala zelaian dela ardo kupelak zabalduko dira. Elizkizunaren ondoren, plazan zortzikoa dantzatuko da. Eta, bitartean, koadriletako sukaldariak jatekoak prestatzen hasiko dira, besteak barraketan poteoan ari diren bitartean. Mahaira 14:30 aldera eseriko dira. Handik 17:00etan jasoko dira asko, udalak puruak banatzean. Egiteko horren ondoren alkateak zortzikoa dantzatuko du. Arratsaldea joatearekin batera, herrira lekualdatuko da festa eta Foru plazan Joselu Anaiak taldeak 20:00etatik 1:00etara dantzaldia eskainiko du.

Oharrak
Eguraldiak lagunduko ez balu erromeria Burunda pilotalekuan ospatuko da. Bestalde, erromeriara autoz berandu doazenek Dantzalekuko goiko futbol zelaia aparkaleku gisa erabiltzeko aukera izanen dute, eta, beraz, bide bazterrean aparkatzea debekatuta egonen da. Udaletik gogorarazi dute festak eta ingurumenaren zaintzak bat egin behar dutela. Horregatik, hariztia bere horretan mantentzeko altsasuarren laguntza eskatu du zaborrak biltzen, zabor ontziak eta kontainerrak erabiltzeko. Ermita ondoan komuna kimikoak egonen dira, haiek egoki erabiltzeko eskatu da udaletik. Horrekin batera, gosari bazkariak prestatzeko pizten diren suak partekatzeko aholkua eman du udalak. Horrela, zorua gutxiago higatuko da eta belar gutxiago galduko da. Aldi berean, zuhaitz txikien ondoan surik ez egiteko eskatu dute.

Altsasuko Udalak gogorarazi du debekatuta daudela suziriak, petardoak, kristalezko objektuak, ziztatzaileak edo sukoiak. Aldi berean, DYAk kudeatutako osasun laguntzarako gune bat izanen dela jakinarazi du. Arduraz kontsumitzeko gomendioarekin batera, festa parekideen aldeko aldarria egin du Altsasuko Udalak. Horren harira etxeko eta familiako ardurak denen lana direla gogorarazi du eta ezezkoak ezetz esan nahi duela beti gaztigatu du.