Geroa Bai: “egindakoa Altsasurekin dugun inplikazio argiaren adibide garbia da”

Guaixe 2016ko eka. 23a, 18:41

Pedro Jimenez, Javier Ollo eta Julen Imaz.

Legegintzaldiko aurreneko urtearen balorazioa egin berri du Geroa Baik. Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu zuenez, Altsasu herri anitza da eta, horregatik, “hasieratik gainontzeko indarrekin akordio zabaletara iristeko borondatea azaldu dugu”. Horregatik ere, gainontzeko alderdiei ardurak eskaini zizkieten. Lau indar biltzen dituen Tokiko Gobernu Batzordea eta EH Bilduk eta PSNk dituzten batzordeak horren lekuko direla adierazi zuen Ollok, azken bi indar horien lanaren aitortza egin zuen.

Urteko sailkako errepasoa egiterakoan Geroa Baitik garbiketa bertikaleko mozioa nabarmendu zuten: “adierazpen askatasunaren eta barneko irudiaren, eta ondorioz herriaren kanpo irudiaren, arteko oreka bilatzen du. Ondorioz, herriaren irudia hobetu dela esan digute altsasuarrek eta kanpotarrek.”

Ekonomia garatzeko garaian Ollok Altsasuk dituen berezko ezaugarriak kontuan hartzeko garrantzia nabarmendu zuen. Sakanako Plan Estrategikoa indarrean jartzeko lanean ari direla adierazi zuen. Bestetik, ekintzailetasuna sustatzeko Cederna-Garalurrekin sinatutako akordioa nabarmendu du koalizioak. Aldi berean, Altsasuko Dendarien Elkartearekin aurrera eramandako ekimenak, Sakanako Enpresarien Elkartearekin izandako bilerak eta Bidelagun turismo elkartearekin sinatutako hitzarmena ere nabarmendu ditu Geroa Baik. Iragarri du Batutak materialak birziklatzeko bi hilabeteko ikastaroa eskainiko duela.

Hirigintzari dagokionez, Ollok argitu zuen “ebatzi gabe urteak daramaten txostenei” heldu dietela, horregatik udal arkitektoaren lanaldia handitu zela. Alkateak aurreratu zuenez, kirol guneak kudeatzen dituen Atabo enpresa publikoaren “2015eko kontuetako galerak 2014koak baino askoz txikiagoak izanen dira. Udalaren eta Ataboren arteko koordinazio estutu nahi dugu, kontuen hobekuntza langileen antolaketari eragiteko ere.” Sutearen ondoren Txirinbulo haur eskola zabalik mantendu dela eta berria egiteko lanei berrekiteko “alkateak emandako bultzada politikoa eta udalaren lan teknikoa” ezinbestekoak izan direla nabarmendu zuen.

Bestalde, ospakizunen antolaketan herriko kolektiboen parte hartzearen aldeko apustua berretsi zuen. Memoria historikoaren arloan, Otsoportilloko lezeko hezurdurak ateratzeko eskatuz Nafarroako Gobernuari zuzendutako udalaren eskaera azpimarratu zuen alkateak. Txakurren pozoitzea gogoan, jarrera zibikoei buruzko esku-orria lantzen ari direla azaldu zuen. Azkenik, orain arteko lan ildoarekin segitzeko asmoa azaldu zuen Geroa Baik.