Materia organikoa bereziturik jasotzeko herrian edukiontzi marroia, 5. edukiontzia, jartzeari Altsasuko Udalak baiezkoa eman zion joan den ostegunean. Udalak Sakanako Mankomunitatearekin sinatu beharreko akordioari oniritzia eman zioten Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta UPNk; Goazen Altsasu abstenitu egin zen. 5. edukiontziaren ezartzeko bi erakundeek hitzarmena San Pedro ondoren sinatuko dute.
Altsasun gaikako hondakinen bilketa %26koa da eta helburua %65era igotzea da. 5. edukiontziaren ezarpena arrakastatsua izateko ezinbestekoa izanen da altsasuarren parte hartzea. Mank-eko Hondakinen Zerbitzuak kanpaina eginen du, hiru helbururekin: altsasuarrak sistema aldaketaz eta bere ezaugarriez informatu; hondakinak, materia organikoa barne, egoki bereiztearen inguruan informatu eta sentsibilizatu eta, azkenik, altsasuarrak sistema berrian parte hartzera animatzea.
Hori guztia lortzeko Altsasuko etxe guztietara azalpen gutuna bidaliko da, parte hartze bilerak eginen dira (hiru erronda), Baratzeko Bide plazako bagoia informazio gune gisa zabalduko da, kartelak jarri, bideoa egin eta beste hainbat gauza eginen dira. Informazio kanpainari sei hilabeteko iraupena aurreikusi diote, irailean hasi eta otsailean bukatzeko. 5. edukiontzia martxoan hasiko lirateke erabiltzen. Hura indarrean dagoen bitartean langile bat horretan ariko da.
5. edukiontzia jartzeko kanpaina hori hasieran Nafarroako Hondakinen Partzuergoak ordaindu behar zuen. 25.694 euro ematekoa zen, Mank-ek propio horretarako proiektua aurkeztu zuelako. Sakanakoarekin batera Nafarroako beste mankomunitate batek aurkeztu zuen proiektu bat. Eta, horregatik, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak irizpidea aldatu eta proiektuak diruz lagundu beharrean mankomunitateak duten populazioaren arabera laguntzea erabaki du. Astelehenean eginen duen bileran berretsiko du irizpide aldaketa hori. Beraz, Mank-ek 6.694 euro besterik ez ditu jasoko Altsasuko kanpainarako eta gainontzeko 19.000 euroak bere poltsikotik ordaindu beharko ditu.
Saltorako urte bat
Altsasu gaika %26 birziklatzetik %65era pasatzera urte batean egin nahi da, 2018ko martxorako. Javier Ollo Martinez alkateak aitortu duenez, “helburu oso handinahia da eta betetzea edo behintzat kontzientziazioaren bidez hurbiltzea espero dugu.” Sistema ezarri eta urtera balorazioa udalak eta Mank-ek eginen badute ere, hiru hilero bilketa datuei jarraipena eginen diete.
Hautsitako edukiontziak
Gaur egun Altsasun dauden edukiontzi asko hautsita daude. Ollok jakinarazi duenez, Altsasuko Udalak hautsiak dauden edukiontzien zerrenda bidali dio Mank-i horiek ordezkatzeko eskatuz. Mendialdea mankomunitateak 400 edukiontzi enkantean salgai jarri zituen eta, berriki, Mank-ek bigarren eskuko edukiontzi horiek 9.000 eurotan eskuratu ditu. Edukiontzi horiek Altsasun hautsita daudenak ordezkatzeko eta enpresetatik jasotako eskaerak erantzuteko erabiliko ditu. Altsasukoen ordezkatzea pixkanaka eginen du.
2015eko kontuak
Altsasuko Udalak joan den urteko kontuak onartu zituen azken bilkuran. Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta UPN udal taldeek aldeko botoa eman zuten eta Goazen Altsasu abstenitu zen.