Iratzeak, abardiak eta afariak

Guaixe 2016ko eka. 24a, 12:39

Etxeetako ate aurreak iratze alfonbrak dituztela argituko da Altsasu. Etxea babesteko ohitura altsasuarra da hori. Kaleetan barna ibiltzen denak, gora begiratuz gero balkoiren batean abardiren bat ikusteko aukera izanen du. Maiteen etxeetan lizar adarrak jartzen dituzte altsasuarrek. Eta gogoko ez direnen etxeetan, berriz, makalak. Ohitura gorde eta sustatzeko udalak abardi lehiaketa antolatu du. Abardia jarri dutenek argazkia atera eta iortia@altsasu.net helbidera bidali beharko dute hilaren 27a baino lehen. Saria: festetako herri bazkarian lau pertsonarendako txartel bana. Parte-hartzaile guztiek sariak izanen dituzte.

San Juan egunean, 20:00etan, Altsasuko txistularien deiari erantzunez, Zortzikoa dantzatuko da Foru plazan. Udalak auzatea eskainiko du. Eta han-hemen, plazan eta herrian barna, afari-meriendak izanen dira. Mahaitik jasotzean, 23:00etan, Haize Berriak bandak eskainitako dantzaldia izanen da