Galdutako miloi bat metro kubiko urren bila

Guaixe 2016ko eka. 30a, 19:31

Horren bila dabil Altsasuko Udala, aspaldi. Urtero errepikatzen den kontua baita. Eta orain arteko ahaleginek ez dute emaitzarik eman. Urdalur uharkatik Altsasuko ur biltegira 1.440.787 metro kubiko iristen dira. Horixe fakturatzen dio Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuak Altsasuko Udalari. Baina azken horrek ur-kontagailuen bidez 398.737 metro  kubiko besterik ez ditu fakturatzen. Non daude 1.042.050 metro kubiko horiek? Orain arte ez da jakiterik izan. Ur ihesak eta bestelako arrazoiak izan daitezkeela azaldu du Javier Ollo Martinezek.
 
Alkateak jakinarazi duenez, konponbide baten bila ur azpiegituren kudeaketaz arduratzen diren Nilsa enpresa publikoarekin harremanetan jarri dira. Ollok gogorarazi du Altsasuko  Udalak Mank-i ordaintzen dion 500.000 euroetatik ia erdia, 235.627,91 euro, ur horniduragatik dela. Herriko ur horniduran gertatzen dena konponduko balitz, diru kopuru hori asko jaitsiko litzateke beraz.

Aldi berean, alkateak gogorarazi zuen Geroa Baik legegintzaldi hasieran mankomunatutako zerbitzuei buruzko batzordea osatzea proposatu zuela eta gainontzeko alderdiek atzera bota zutela. “Delegatutako eskuduntzen eta emandako diruaren jarraipena egiteko, bikoiztasunik zegoen zehazteko edota uraren moduko arazoak aztertzea litzateke haren egitekoa. Ez zen atera. Lantalde bat sortzea izan daiteke aukera.”