Zelandiko guraso elkarteak egoitza izanen du

Guaixe 2016ko uzt. 2a, 10:37

Zelandi eskolako atezainarena zen etxea aurrerantzean ikastetxeko guraso elkartearen egoitza izanen da. Han bere materiala gorde eta bere jarduerak garatzeko aukera izanen du. Zelandi eskolako guraso elkartearen eta Eskola Kontseiluaren eskaerari oniritzia eman zion aho batez Altsasuko Udalak astearteko bilkuran.

Bi aldeek hitzarmena sinatuko dute orain. Urte baterako erabilera onartu dute, gehienez hamar urtera arte luzatu daitekeena. “Epe hori pasata halako akordioa berriro hartzea aztertuko da”, azaldu digu Javier Ollo Martinez alkateak. Gaineratu duenez, guraso elkarteak eraikinaren barruko aldea txukunduko du eta udalak leiho eta ate berriak jarriko ditu.

Bilkura berean Altsasuko Udalak Kaskardiako, Dermauko, Axarizuloetako eta Larrezabalgo herri-larreak kudeatzeko zuzeneko adjudikazio espedienteari hasiera ematea erabaki du. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren interesatuek eskaerak egiteko aukera izanen dute.