Klinika-artistak

Guaixe 2016ko uzt. 1a, 08:48

Ahots bat: Zer ari naiz egiten. Tontakeria bat?

Bigarrena: Aurreneko egunetan haietakoren bat aztoratua zegoen… Baina pixkanaka...

Lehena: Hau guztia segitu dut, baina ni honetan “txikitxoa” naiz. Zein etorkizun izan dezakegu honetan?

Hirugarrena: Etxean esan zigun: arte modernoko neska bat etortzen zaigu eta harekin margotzen luze egoten gara.

Bigarren ahotsa: Saioetara hala zaletuko zirenik ez nuen espero. Baina pixkanaka... Hasieran, nik halakorik ez dakit egiten eta halakoak esaten zituzten. Baina hori guztioi pasako litzaiguke. Guztiz harrituta, erabat. Mirestuta. Sorpresa izan da.

Hirugarrena: Harrituta emaitzarekin. Informazio aberastasun iturri dira marrazkiak. Lanak alaiak dira.

Lehena: Berehala pasatzen zen.




Ez da antzezlan baten elkarrizketa. Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan izandako elkarrizketa baizik. Astelehen arratsaldean izan zen, arte terapia saioen despedida ekitaldian, 15 minutuko bideo laburpen bat ikusi ondoren. Lehen ahotsa klinikako erabiltzaile batena da. Bigarrena, sendagile batena. Hirugarrena, senide batena.

Helena Santano Cid arte terapeuta altsasuarrarekin aritu dira klinikako erabiltzaileak: “Asko lan egin dugu. Esperientzia ezin da hitzekin azaldu, benetan. Harritu egin nau. Guztia zoragarria izan da. Eta hori artea praktikatzen urteak daramatzadala.” Santanoren inpresio gehiago: “saioetan haiendako ongizatea lortu da. Nik pozik ikusten nituen. Saioetara etortzen ziren eta ni horrekin poz-pozik gelditzen nintzen. Esker ona besterik ez dut. Nire aiton-amonak dira.”

9 parte-hartzaile
Arte terapia saioak hasi aurretik Santano lautan joan zen klinikara otsailean, erabiltzaileak ezagutzera. Saioak behar bezala garatzeko bospaseiko talde murritzak behar dira. Ospitale gunean daudenak gaitza garatuagoa dutenez, eguneko zentroko sei eta kanpo kontsultetako hiru erabiltzaile aukeratu zituen. Haiekin martxotik astelehenera arte aritu da. Seikotearekin astelehen eta asteazkenetan eta hirukotearekin ostegunetan.

Saio bakoitzaren hasieran, musikaren laguntzaz, erlaxazio saioa egiten saiatzen ginen. “Ez dut guztiz lortu, baina…” Ordu eta erdiko saioak ziren. “Asko kontzentratzen ziren.” Santanok esanak: “helburua ez da sekula estetika izan. Ni harritu egin nau haiek nola askatu diren. Nik beste edozeini bezala azaldu diet eta primeran ulertzen zuten. Eta obrak horren adierazpidea dira.”

Haiek nola dauden ikusi behar zuen. “Sormen jarioa ez eten eta lanean utzi. Artista moduko kontzepzioak dauden euren lanetan, konposizioa, kokapena, landu dute. Eta nik ez dut inolako klaserik eman. Hemen ez dut marrazten erakutsi. Beste kontu bat da hau. Denok barruan artista dugunaren adierazlea da.”

Sortze-estimulazioa sustatzen saiatu da; batez ere, burmuinaren eskuin aldearen bizitzea. Horretarako, sortze-tresna ugari ematen saiatu da. Zerrenda luzea da: bat-bateko adierazpidea; airea putz eginez pintatzea; harea eta kolorearen bidez ukimena sentitzea; emozio kolorea, errepikapena; irudia behatzea eta marraztea; irudia zatitu eta zatiekin beste bat landu; eguneroko objektuak behatu eta marraztu; naturako testurak; itsasoaren behaketa; eskultura baten sorrera; erretratua; auto-erretratua; koadro kolektiboa; mugimenduan pintatzea; collagea; Mondrian interpretatzea; landareak; Kandinsky dastatzea; egurrezko makiltxoekin egiturak sortzea; landareen bidez usaimena gogorarazi; txotxez eta plastilinaz egiturak egin; lerroak kontorneatzea; denen artean sortzea; hari apurtuak…

“Egiten uztea oso interesgarria da.” Egun bat, Kandinskyren koadro bat, esaterako. Hari buruzko argibideak ematen zituen. Denen artean koadroa aztertu, zituen kolore eta irudiak behatu eta hortik abiatuta sortzen hasten ziren. “Gauzak gogoratzea edo haiei dei diezaiotela, horretan saiatu naiz beti. Gutxiago pentsatu eta gehiago sentitu. Eta sentsazioen bidez (ukimena, usaimena…) irudi sinboliko bat transmititzea lortzea bilatu dut, bakoitzarendako bere sormen lana dena.”

“Informazioa jaso eta senez adierazten baduzu. Sentitzen denaren eta adierazten denaren artean  buruan ez dago blokeorik. Artean denok beldur hori dugu: ez dakit egiten. Ez dakit esaten hasten garenean blokeoa sortzen da. Baina beraiekin lan egitea gozamena izan da.” “Zein interesgarria den dugun adina edozein dela ere gauza berriak sortzeko gaitasuna izatea. Zergatik jarriko dizkiot trabak neure buruari? Zergatik ez dut nire ametsa beteko? Adinak ez du garrantzirik. Beti denetarik ikasi dezakegu.” Gorena? “Bakarren batek mantxa bat egin eta interpretatu daitekeenean. Ulertzen da eta eta nik interpretatu dezaket.”


Onurez
Azken saioan, karpeta batzuetan lanak banatu zituzten. “Lanak norenak ziren ezagutzen zuten. Ezberdintzen zituzten. Zuk hau egin duzu, hark bestea eta ni hurrena. Niretako garrantzitsua zen hori. Sinbolikoak hitzak baino indar handiagoa duela argi dago.” Bakarkako lana bai, baina talde lana ere izan da. Uzkur ziren hasieran, baita taldean sortutako koadroekin kolektibitatea eta haien arteko-interakzioa landu dira.
 
“Batek marrazkietan senideen izenak jartzen zituen. Haiei eskaintzen zizkien eta, aldi berean, haietaz hitz egiten zuen. Memoria esnatu egiten zitzaion.” Medikuek esana berretsi dute: “klinikan halako terapia alternatiboagoak (musikoterapia, baratza eta laguntzarako txakurren bisitak) emaitza oso onak dituztela ikusi dugu. Kognitiboki eta emozionalki asko estimulatzen da. Sozializazioa lantzen da. Asko gozatzen da eta eraginkorrak dira.” Gaineratu dutenez, klinikako profesionalendako eta erabiltzaileendako aire berriak dira halakoak. “Bakarren batzuk euren marrazkilari sena opatu dute.” Santanok: “segitzea gustatuko litzaidake. Halakoak, musikarekin, artearekin, antzerkiarekin edo dena delakoarekin egitea interesgarria da neretako. Aurkitzeko asko dago. Gauza garrantzitsuak gogorarazten dituztelako; ez delako hitza soilik.”

Familiek gaixoen beste arlo batzuk ezagutzeko modua izan dute. Helburuetako bat senideekin batera aritzea zen. Horregatik, Uharteko Arte Garaikideko Zentrora bisita edo akaberako jendaurreko lanen aurkezpena. Familien eta etxeko gaixoen arteko erlazioa beste modu batera ulertzeko. “Aita-ama beste modu batean ulertzeko, etxean bizitakoa markatua dugu. Honek beste komunikazio bat sortzen du.” Astero landutakoa klinikako pasabidean ikusgai izan da.



Arte garaikidea
Dinamikaren barruan Uharteko Arte Garaikideko Zentrora bisitan joan ziren. “Ederra izan zen.” Obra bakoitzari klinikakoek emozio bat eta usain bat eman behar zioten. “Zergatik sortzen dit poza eta zergatik gogorarazten dit belar usaina? Xumeki zergatia eman behar zuten.” 90 minutuko bisita motza egin zitzaien. Medikuek: “museoan, ez dakit gustatzen zaidan edo ez, baina denok arretaz begiratzen genuen.”

Halakoetan “helburua da sormen lanaz harritzen zaituenaren bidez, elkar eragitea. Hori da garrantzitsuena, ez lanak transmititzen duen jakintza. Niretako garrantzitsuagoa da nik zer sentitzen dut eta zergatik gelditzen naiz irudi honen aurrean, zer erakartzen nauen, duen esanahia baino.” Klinikan sortutakoa, “arte garaikidea da hau nolabait esan. Berezko zerbait. Adierazgarria da. Abstrakzioa, mugimendua, mantxa… Txikitatik dugun marrazkirako gaitasuna ez da garatu. Eta, hala ere, sortzen dira… Barruan dugu. Esnatu beharra dago.” “Beste batzuk hemengo lanak ikusi eta emaitzarekin harrituta gelditu dira. Museo batean hau artistek egin dutela esaten dizute eta sinesten duzu.”

“Dakiten guztiarekin, gustatuko litzaidake haiek sortzen hastea. Zuzendu gabe, egun batean loreekin beste egun batean beste elementu batzuekin lan egitea.” “Ni ez naiz klinika askotan egon, baina hemen etxean bezala egon naiz. Gorputz eta arima aritzen dira lanean. Tratu ederra ematen diete. Pozik joaten nintzen klinikara, nire etxera. Dagoen kalitatea transmititu egiten da.”


Masterra
Santano arte terapia masterra egin du Madrilen azken bi urteetan. Master horren praktika da Josefina Arregi klinikako esperientzia. Arte terapia zer da? “Arte terapeuta baten akonpainamenduaz egiten den jarduna da eta harekin jarraipen sortzailea egiten da. Sormen prozesu horretan pertsona laguntzen da. Parte hartzeko ez da artista izan beharrik, artea berezkoa dugu. Txikitatik sortzen dugu, hori ez galtzea da garrantzitsua”.

Santanok praktikak egiteko hitzarmena Uharte-Iruñeko Arte Garaikideko Zentroarekin du. Han egin behar zituen praktikak. Hasiera batean, Nafarroako Alzehimer Gaixoen Familien elkarteko (AFAN) senideak eta gaixoak Uhartera joan behar zuten. “Baina joan-etorriak zailak zirenez, errazagoa zen ni norabait joatea”. Horregatik, klinikari praktikak hemen egitea proposatu zien.

Zentroa asteartera arte zuzendaririk gabe egon da. Baina asmoa zen klinikarekin hitzarmena sinatzea lantzen segitzeko. Erakusketa han jartzeko asmoa zegoen. Bizitako guztiaz idatzi egin beharko du, irailean Madrilen aurkezteko. Testu hori senideek klinikaren bidez eskuragarri izanen dute.


Erakusketak
Klinikan sortutako lanak eta Santanok “gaitzarekin izandako sinbiosiarekin” sortutako lanekin Iruñeko Arte Eskolan erakusketa antolatuko da abenduan. Erakusketa bera heldu den urteko apirilean Altsasun ikusteko aukera izanen da.