"Gure helburua festetan giro euskalduna egotea da"

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko uzt. 1a, 09:10

Itziar Flores, Francis Arregi eta Mari Kruz Mundiñanori egindako elkarrizketa.

Zubiondo kantu-poteo taldeak 10 urte betetzen ditu.

kolaboratzaileak

1. Nola eta zergatik sortu zen taldea?

Behar bat ikusten genuen. Euskaraz ez zen kantatzen, ohitura hori galtzera zegoen eta beste herri batzuetan hasi ziren, Donostian eta Iruñean uste dut orduan hasi zela ere. Orduan, esan genuen gu ere holako zerbaitekin hastea polita izango litzatekeela. Gainera, Santa Ageda badago, Olentzerotan ere gutxira zihoazen... Altsasun hainbeste jai ditugunez, jai horietan kantatzeko behar hori zegoela ikusi genuen. Euskaraz kantatzearen beharra.

2. Zenbatero entseatzen duzue?

Elkartzen gara jaiak datozenean hiru aste lehenago gutxi gora behera. Sanjoanetarako hiru astelehen lehenago bildu gara eta azkenean urte osoan zehar bueltaka ibiltzen gara. Hainbeste jai daude. Udan lasaiago gaude, Sanjoanetatik festak arte ez gara elkartzen. Bestela hor daude feriak, Santa Zezilia...

3. Sanjoanetan 10 urte betetzen dituzue. Zerbait berezia prestatu zenuten?

Ez, ez genuen ezer prestatu. Egia esan hamar urteak bat-batean etorri zaizkigu eta asmoa dugu beste egun batean ospatzeko. Bazkari edo afari bat egin nahi dugu, baina data jarri gabe dago. Hala ere orain San Joan, San Pedro... hainbeste jai daudenez zaila da data jartzea.

4. Zenbat kide zarete? Jende gehiago sartu daiteke?

Hogeiren bat, gutxi gorabehera. Gurea ez da koru bat, gure helburua da festetan euskaraz kantatzea da. Orduan nahi duenak giltza dauka, baita abestiak ere. Guk entseatzen dugu, egon daiteke jendea entseguetara ez datorrena baina hurbildu daitekeena. Eta hori ona da. Neskato batzuk agertu ziren eta oso gustura egon ziren. Tarteka bat edo bat badator, baina gutxi. Esan nahi dut, hasi ginenetik hiru pertsona berri gehitu dira. Jendea hurbiltzen da, baina kantu bat eta joan egiten dira. Oso jende gutxi. Momentu jakinetan jende gehiago hurbiltzen da. Saiatzen gara holako tokietan kantu ezagunenak abesten. Baina puntuala izaten da. Ez dakit zergatik izan daitekeen. Gustatu bai, baina konpromisoa bezala ikusten dute eta egitan ez da konpromiso handia.

5. Zein adinetako jendea dago taldean?

Itziar eta Ester gazteenak izango dira. Berrogei urtetik gora eta berrogeita hamar urtetik gorago. Hirurogeita hamar daukatenak ere daude. Orduan berrogei urtetik beherako jendea ere behar da, baita hogeita hamarretik beherakoak ere. Denak onartzen ditugu. Aurten AEKrekin sagardotegira joan ginen eta adin guztietako jendea zegoen. Polita izan zen.

6. Altsasuko festa guztietan ateratzen zarete?

Bai. San Pedro ateratzen ez garen festa bakarra da. Baina bestela, festetan, ferietan, Santa Zezilian, Gabonetan, Santa Agedan, Alde Zaharreko jaietan eta Sanjoanetan.

7. Ibilbide jakin bat duzue?

Gutxi gorabehera, bai. Ez dago ezer zehaztuta, baina normalean antzekoa egiten dugu. Las Vegasen hasten gara, erloju azpian abesten dugu, Gautxori, Arkangoara ere joaten gara eta hortik normalean Biltokira. Sanjoanetan Fortxora joan ohi gara. Batzuetan ere Zumalakarregira joaten gara, Santa Agedan eta Santa Zezilian esaterako pixka bat aldatzeko, baina normalean beti plaza inguruan egoten gara. Bi orduz aritzen gara, gutxi gorabehera.

8. Zein abesti kantatzen dituzue?

Denetarik. Euskal kanta tradizionalak eta beste batzuk hemengoak: Altsasuko Pescadores, Maravillas eta gure historia kontatzen dutenak gaztelaniaz izan arren ere. Baina bestela, denak euskaraz. Gure artean gustatzen zaizkigun abestiak aukeratzen ditugu, beste batzuk aukeratzen ditugu eta ez dituzte arrakastarik. Hori ikusten da. Batzuk zailagoak dira eta azkenean kentzen ditugu. Orduan ezagunak direnak aukeratzen ditugu normalean, garai batekoak, gaur egungoak ere... Edo hain ezagunak ez diren batzuk. Ezagunak eta ezezagunak nahasten ditugu jendeari harrapatzeko.

9. Hamar urte hauetan errepertorioa asko aldatu duzue?

Abestiak gehitu ditugu. Baina beti daude klasikoak, Eperrak, Txantxibirin, Xalbadorren heriotza... Betikoak direnak eta beti kantatzen ditugunak. Guk aukeratzen ez baditugu ere beti norbait gerturatzen da eta abesti hori kantatzeko esaten digute. Eta bukatzeko, Eperrak. Letrak erabiltzen ditugu, eta gaur egun oso erraza da lortzea.

10. Musika tresnaren baten laguntza duzue?

Francis gitarrarekin joaten da. Laguntza handia da. Gitarra falta denean zerbaiten falta sumatzen dugu. Bestela tonoz joaten zara. Neguan gaztainekin egoten da eta berarengana joaten gara. Tonua hartzeko hasi ginen gitarrarekin, eta gero pixkanaka-pixkanaka akordeak egiten eta azkenean gitarra geratu da.

11. Etorkizunerako zer?

Gure estilo honetan jarraituko dugu. Hasieran beste herrietara joatea pentsatu genuen baina azkenean hoberena hemen gelditzea zela erabaki genuen. Bestela gauzak gehiegitan hasten bazara galtzeko aukera gehiago eta aspertzeko arriskua dago. Sakanan jai asko dago eta guztietara joaten bazara azkenean gaizki. Atera gara, baina oso gauza konkretuak egitera. Gure helburua izango litzateke jende gehiago etorri eta belaunaldi berri bat egotea. Euskal kantak entzutea, kantatzea, ikastea... Azken finean gure helburua kalean euskal kantak aritzea da; jaietan giro euskal dut bat egotea. Beraz, edozeini zabalduta dago taldea. Ez da koru bat, ez duzu musika ikasketarik behar ez ezer, librea da eta ez dugu asko eskatzen. Egitarauetan ere ez gara joaten, guztiz librea da, konpromisorik gabea.