100 klasiko baino gehiago Altsasun

Guaixe 2016ko uzt. 4a, 12:02

Clasicos Alsasua taldeak antolatutako 3. Auto Klasikoen Topaketan bildu ziren

Clasicos Alsasua taldeak antolatuta, 3. Auto Klasikoen Topaketa burutu zen larunbatean Altsasun. Deialdiak erantzun bikaina izan zuen eta guztira 100 ibilgailu klasiko baino gehiago bildu ziren, 2 kamioi, traktore bat eta 20 moto eta bizikleta inguru.

30 urtetik gorako auto eta ibilgailuak hartzen dira klasikotzat. Altsasun bildutako asko 60 eta 80 hamarkaden artekoak ziren, Seat etxekoak ugari: 600, 850, 1.430, 1:500… Renault etxeko R-8, R-5 eta Alpine autoak ikusi ahal izan ziren ere. Alpinea izan zen bildutakoen begiradak gehien erakarri zituena. Citroënen 2 zaldi auto mitikoa ere ikusteko aukera izan zen, etxe bereko beste hainbat auto bezala.

Hasieran Zumalakarregi plazan bildu ziren auto klasikoak, eta Sakanan barna buelta bat eman ondoren, tartean Urbasa igoz, gidariek Altsasuko Foru plazan aparkatu zituzten euren auto zaindu eta mirestuak, eta Gure Etxean bazkaltzera bildu ziren. Antolatzaileek zozketak egin zituzten eta kalte neurologikoak dituen Sarrigurengo Aitor haurraren aldeko diru bilketa ere egin zuten. Clasicos Alsasua taldeak 40 kide inguru ditu.