Mendia arte bihurtuz

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko uzt. 8a, 11:11

Harriak, enborrak, hostoak, adarrak... mendian aurkitzen diren materialak hartu eta eskulturak sortu. Mendiko elementuekin artea egin. Hori da Landarta. Cristina eta Marta Diegok agorrilaren 22tik 25ra Landart ikastaroa antolatu dute. Aralarren izanen da

Naturaren eta artearen artean harremana sortzea. Cristina Diegok Landartaren xedea azaldu du: “naturarekin lan egitean datza. Helburu artistikoa du”. Gainera, harremana bikoitzarekin antolatu dute ikastaroa, hortaz, Landart obrek Aralarren jokatuko den Europar Orientazio probarekin bat egingo du. “Betidanik nahi izan dut Landarta egin, eta koinatua orientazio probaren antolakuntzan zegoenez, biak elkartzea oso interesgarria iruditu zitzaidan”. Horrela, probako parte-hartzaileek arte lanak izango dituzte bidelagun.

Arte lanak mendiko elementuekin egiten dira eta mendian gelditzen dira. Soka edo alanbrea erabili daiteke ere, lorezaintzako tresnekin batera: “baina oso gutxi erabiltzen da, gehien bat mendiko materialekin lan egiten da”. Naturan daudenez eguraldiaren arabera eta jendearen “errespetuaren” arabera irauten dute: “batzuk egun batzuk baino ez dira geratuko, beste batzuek urte bat iraun dezakete”. Landarta mendian egiten da, baina lore-saltzaileek eta lorezainek erabili dezakete obra txikiagoak eginez. “Huntz edo ahuntz-hostoen adarrak hartu eta bola bat egin dezakezu, esaterako”.

Ikastaroa
Lore-saltzaileentzako bideratuta dagoen ikastaroa da Diego ahizpak antolatu dutena. Hala ere, lorezainek, arte-ederretako jendeak, eskulturagileak, eta abarrek ere parte hartu dezakete. Gomendagarria bada ere, ez da beharrezkoa aurretik loreen inguruko ezagutza izatea.

Ikastaroak lau egun iraunen du. Cristina Diegok azaldu duenez hastapen ikastaro bat da, Landartean hasteko modu bat. Hortaz, lehenengo egunetan Landartaren teoria eta oinarriak ikasiko dituzte. Ondoren, lana egingo dute. Irakaslea Jordi Pascual izango da, Kataluniako Arte Floral eskolako irakaslea.

Sakanako inguruak Landarta egiteko primerako lekuak dira, Diegoren esanetan. “Urbasa eta San Pedro, adibidez, izugarriak dira”. Hortaz, etorkizunean landartisten topaketak egitea gustatuko litzaioke. Dagoeneko Kataluniatik etorriko dira Aralar apaintzera: “Gironan elkartu ginen eta animatu dira”.

Izen ematea
685 722 112 telefonora hots eginez eman daiteke izena. 300 euroko matrikula du.




Girona, loreen hiria
Maiatzaren hasieran Cristina Diego Gironan egon zen hiria loreekin apaintzen. Girona Temps de Flors jaialdian barruko zein kanpoko espazioak loreekin apaintzen dituzte. Diego Rosa Valls eskolak gonbidatuta joan zen eta bertan bi espazio loreekin apaindu zituen: erreka baten ur-bazterrak bola urdin handiak hortentsia eta loreekin bete zituzten; eta zubi batetik lorez betetako egitura bat.

Bi espazio horiek sortzeko hogeita bost pertsonako talde bat zegoen. “Esperientzia izugarria izan zen. Beste leku batzuetako lore-saltzaileekin elkartu nintzen eta loreei buruz hitz egiteko aukera izan genuen”. Diegok estreinakoz parte hartu zuen Gironako Temps de Flors jaialdian.