Astegun goiz ezberdinak

Guaixe 2016ko uzt. 8a, 12:52

Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako Altsasuko Udalaren Aisiaz blai programa aldaketarekin etorri da aurten. Parte-hartzaileen asistentzia bermatzeko udalak bi asterako matrikulatzeko aukera eskaini du garilean eta agorrilean. Astelehenean hasi eta hilaren 15era arte 253 haur ariko dira programan. Hilaren bigarren hamabostaldian, berriz, 244. Guztiak adinkideekin taldeetan banatzen dituzte, bederatzi talde dira guztira. Haien ardura 25 begiralerena da. Agorrilaren aurreneko bi asteetan 37 izanen dira eta 30 azken bi asteetan. 4 eta 12 urte bitarteko haurrak dira eta talde bakarrean elkartzen dira denak. Haiekin hiru begirale ariko dira.

Aisiaz blai programa astegunetako goizetan izaten da, 10:00etatik 13:00etara. Txikienak, 4 urtekoak, Txantxari ludotekan elkartzen dira. Gainontzekoek, berriz, Zelandi eskola dute topagune garilean. Agorrilean elkargunea ludoteka bihurtzen da berriro ere. Talde bakoitzak dinamika propioa baldin badu ere, aurten Altsasuko euskalkiko hiztegia lantzen hasiko dira, ezagutzatik erabilerara pausoa emateko helburuz. Irteerak ere badituzte: Leitzako Peru Harri parkera, Donostiako hondartzara… Sanferminetako txupinazoa, kulturarteko festa, pintxo lehiaketa, yoseikan budo, igerilekua… Kultur gune parean azken festa eginen dute, talde bakoitzak ikuskizun bana eskainiz.

Bestalde, familia bizitza eta lana uztartzen laguntzeko Txantxari ludotekan 3 eta 10 urte arteko 40 haur elkartu ziren garagarrilaren 22tik ostirala arte, 8:30etik 13:30era. Lau begirale arduratu ziren haietaz.

Gu geu gazte
Izen hori du behar bereziak dituzten gazteendako udalak garileko arratsaldeetarako antolatutako aisialdi programa. Urdiaingo edo Olatzagutiko festetara, igerilekura edo zaldiz ibiltzera irteerak eginen dituzte. Sukaldaritza eta dantza saioak izanen dituzte. Ur festa goxoan parte hartuko dute eta beira edukiontzietan grafittiak eginen dituzte.