Erkudenera bisitan

Guaixe 2016ko uzt. 8a, 12:31

Ulaiarren dagoen ermitan elkartuko dira hainbat altsasuar domekan. Ama Birjinaren irudia garilaren 2az geroztik elizan izan da, 20:00etako mezan bederatziurrena egiteko. Hura despeditu eta ermitara bueltan eramanen dute etzi. Erkudengo ermitarako erromesaldia elizatik 9:30ean abiatuko da. Erromesak Larrezabal eta Murgilarteko bidetik barna joanen dira. Irudia lauren artean bizkar gainean eramanen dute ibilbideko ia 4 km-etan.

Ermitaren aterpean, Erkudengo amaren irudia buru dela, meza izanen da 11:00etan. Ohi bezala, elizkizuna Ama Birjina Erkudengoa kanta abestuz despedituko da.

Elizkizunaren ondoren udalak ardoa banatuko du, eta gazta mutur bat dastatzeko aukera izanen da. Baina nork bere puska gosalduko du. Indarrak berrituta, txistulariek plazarako deia eginen dute: zortzikoa, jotak eta porrusaldak ez dira faltako. Herrira bueltan lagun taldeak bazkaltzera elkartuko dira.


Ama Birjina Erkudengoa

Ama Birjiña Erkudengoa
elurretako zuriya.
Esku batian iguzkiya ta
beste eskuan auriya.
Hark guretako gorderik dauka
komeni zaigun guziya.

Igurai on bat daukagularik
ermita txiki batian.
Hodeiak eta tenpestadiak
bialtzen ditu bertatik.
Eta frutubak oso ta leiyal
gordetzen ditu gugatik.

Ama Birjiña Erkudengoa
pekatarien ama zu,
pekatutikan libratutzeko
arkitasun bat egidazu.
Edo bestenaz galdu naiz ni
desanparatzen banauzu.

Lurreko plantak eukusi ezkero.
Nezesidade haundian,
Altsasuarrak dute kostunbre
disponitzia herrian,
Ekar dezagun Erkur indarra
ia gandegu premian.